Azaroaz geroztik, Trebiñuko enklabea EAEko gainerako udalerrietako neurrietara egokitu zen dekretu bidez; eta, beraz, Arabako neurri berberak ditu ordutik. Baina Gaztela eta Leongo Juntak adierazi du "Gaztela eta Leongo herritarrak Gaztela eta Leongo Gobernuak erabakitako osasun publikoko neurrien mende" daudela, "enklabeak barne".
Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak oraindik ezer esan ez duten bitartean, nahasmena nagusitu da berriz ere, urtarrilaren 31n Gaztela eta Leongo Gobernuak salbuespenezko neurriak ezarri zituelako Trebiñurentzat, Covid-19aren intzidentzia handia duten beste 52 udalerrirekin batera: beste neurrien artean, udalerri horietan 18:00etan itxi beharko dira merkataritza, zerbitzuak eta jarduera ekonomikoak; eta haur zein gazteen aisialdia, kultura eta kirol jarduera guztiak etengo dira. Udalerri horiek guztiek 1.500 kasu baino gehiago dituzte 100.000 biztanleko.
Enrique Barbadillo alkateak (EAJ) aurreratu bezala, Trebiñuko Udalak berak argitu zuen, bando baten bidez, EAEn eta Araban indarrean dauden neurriak aplikatuko zituela, eta ez Gaztela eta Leongo Juntak onartutakoak.
Gutuna eta erantzukizunak
Baina polemika ez da hor amaitu. Astelehen honetan, Gaztela eta Leongo Presidentetza Sailak, Toki Administrazioko Zuzendaritzaren bitartez, gutun bat bidali dio alkateari, bere araudia bete dezala eta Juntak iragarritako neurri bereziak ezar ditzala eskatzeko. Halaber, Trebiñu zein Argantzongo Udalei gogorarazi die ez dutela eskumenik "zer araudi autonomiko edo estatal aplikatzen den erabakitzeko edo interpretatzeko".
Horrekin batera, ohartarazi du bere arauak ez betetzeak "nahasmena eragin dezakeela herriko bizilagunengan eta zigortu daitezkeen jokabideak eragin ditzakeela". Gainera, errepresaliak hartzearekin mehatxatu du alkatea, "informazio okerra argitaratu duen agintariari dagokion erantzukizun politikoa eta ondare-erantzukizuna eskatzeko aukerarekin".
Agerraldia Kutxuko egoitzan
Bestalde, Gaztela eta Leongo Juntak Trebiñuko Udalari gogorarazi dionez, astearte honetan lehen dosia emango diete Kutxuko Familia Santua egoitzako 34 egoiliar eta 25 langileri; baita lehen dosia beste bost langileri ere. Hurrengo egunetan ere, baheketa berezia egingo da Trebiñun; eta Gaztela eta Leongo Juntak Udalaren lankidetza espero du.
Azken 14 egunetan metatutako intzidentzia 3.000 kasutik gorakoa da Trebiñu udalerrian, eta, urtarrilaren 20tik aurrera, egunero hamar positibo baino gehiago atzematen ari dira. Egoera horren jatorria Kutxuko adinekoen egoitzan antzemandako agerraldi bat izan da; 30 bat pertsonari eragin die, erabiltzaileen eta langileen artean. Argantzon, berriz, egoera epidemiologiko hobean dago, oraingoz.
Trebiñu, inoren lurrean
Trebiñun EAEko neurriak indarrean dauden arren, egoera epidemiologikoaren jarraipena eta datuen kudeaketa zein zabalpena Gaztela eta Leongo Osasun Sailaren eskuetan dago.
Horrenbestez, Trebiñuko eta Argantzongo alkateek azken egunetan eskatu dute enklabeko datuak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak egunero argitaratzen duen buletinean kontuan hartzen hasteko. Oraingoz, ez dute erantzunik jaso.