Koronabirusa

Trebiñuk ere Araban ezarritako neurriak izango ditu alarma egoera berrian

Erredakzioa 2020ko urr. 29a, 16:00

Alarma egoera maiatzaren 9ra arte luzatzea onartu du Espainiako Kongresuak. / congreso.es

Espainiako Kongresuak alarma egoera maiatzaren 9ra arte luzatzea onartu du. Gainera, Trebiñu bezalako enklabeek inguruko probintziari dagokion tratamendua jaso dezaten EAJk aurkeztutako ebazpena ere onartu egin da.

Administratiboki Burgosen menpe dagoen Trebiñuko konderriak Araban ezarritako neurri berberak izatea onetsi du Espainiako Kongresuak, alarma egoeraren dekretuaren inguruko eztabaidan. Modu horretan, Argantzon eta Trebiñuko udalek egindako eskaera onartu egin da, eta bi udalerriek Arabarekin bat egingo dute azaroaren 9tik aurrera; ordura arte Gaztela eta Leongo araudiarekin jarraituko dute.

Alarma egoeraren dekretuari EAJk aurkeztutako emendakinak honakoa eskatzen zuen: "Enklabeak osatzen dituzten udalerriek inguruko probintziari dagokion tratamendua jasotzea, probintzia hori beste autonomia erkidego batekoa izan arren".

Erabakiak Trebiñuren antzeko egoeran dauden enklabe guztiei eragingo die; adibidez, Urduñak (Bizkaia) ere Arabako arau berberak izango ditu, dagoeneko EAE osoari eragiten dioten neurriak dituen arren.

Deseskalatze prozesuaren garaian alderdi jeltzaleak egindako proposamenaren antzekoa da; orduan ere, Trebiñuk Arabako neurri berberak hartu ahal izan zituen.

Alarma egoera, maiatzera arte

Kongresuak alarma egoera maiatzaren 9ra arte luzatzeko Espainiako Gobernuak egindako eskaera onartu du, aldeko 194 botorekin, kontrako 53rekin (VOX) eta 99 abstentziorekin (tartean PP).

Halaber, ERCren ebazpen bat onartu du: horren arabera, Pedro Sanchezek bi hilean behin azalpenak eman beharko ditu Kongresuan. Emendakinaren arabera, martxoan alarma egoera bertan behera utzi ahal izango da, osasun egoerak ahalbidetzen badu; martxoaren 9an berrikusiko dute.

Osasun Ministro Salvador Illak azaldu duenez, alarma egoera hau martxoan onartutakoaren oso bestelakoa da. Oraingoan, autonomia erkidegoek pandemiaren aurrean neurriak "arin eta segurtasun juridikoarekin" hartu ahal izateko tresna juridikoa da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago