Azaroaz geroztik, Trebiñuko enklabea EAEko gainerako udalerrietako neurrietara egokitu zen dekretu bidez; eta, beraz, Arabako neurri berberak ditu ordutik. Enrique Barbadillo alkateak (EAJ) aurreratu bezala, Trebiñuko Udalak astelehen honetan argitu du, bando baten bidez, EAEn indarrean dauden neurriak aplikatuko direla, eta ez Gaztela eta Leongo Juntak onartutakoak.
Trebiñun nahasmena nagusitu da berriz ere, larunbatean Gaztela eta Leongo Gobernuak salbuespenezko neurriak ezarri zituelako Trebiñurentzat, Covid-19aren intzidentzia handia duten beste 52 udalerrirekin batera: beste neurrien artean, udalerri horietan 18:00etan itxi beharko dira merkataritza, zerbitzuak eta jarduera ekonomikoak; eta haur zein gazteen aisialdia, kultura eta kirol jarduera guztiak etengo dira. Udalerri horiek guztiek 1.500 kasu baino gehiago dituzte 100.000 biztanleko.
Azken 14 egunetan metatutako intzidentzia 3.000 kasutik gorakoa da Trebiñu udalerrian, eta, urtarrilaren 20tik aurrera, egunero hamar positibo baino gehiago atzematen ari dira. Egoera horren jatorria Kutxuko adinekoen egoitzan antzemandako agerraldi bat izan da; 30 bat pertsonari eragin die, erabiltzaileen eta langileen artean. Argantzon, berriz, egoera epidemiologiko hobean dago, oraingoz.
Trebiñu, inoren lurrean
Trebiñun EAEko neurriak indarrean dauden arren, egoera epidemiologikoaren jarraipena eta datuen kudeaketa zein zabalpena Gaztela eta Leongo Osasun Sailaren eskuetan dago.
Horrenbestez, Trebiñuko eta Argantzongo alkateek azken egunetan eskatu dute enklabeko datuak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak egunero argitaratzen duen buletinean kontuan hartzen hasteko. Oraingoz, ez dute erantzunik jaso.
Hala ere, astelehen honetan eremu gorrian dauden udalerrien ebazpena plazaratuko du Eusko Jaurlaritzak, eta, koronabirusak azken egunetan Trebiñu Konderrian izandako bilakaera kontuan hartu beharko luke.