Faidu, Lañu eta Markinez herrietatik gertu, harrian landutako benetako harribitxiak ezkutatzen dira. Horietako batzuk kobazulo txiki eta klaustrofobikoak dira, baina badira ere benetako eliza txikiak, harrian bertan zulatuak. Gehienak Lañu herrira doan bailara txikiaren bi aldeetan azaltzen dira: Santorkaria, alde batean, eta Gobak, bestean.
VI. eta VII. mende artean zulatu zituzten kobazulo artifizial horiek.Bertan eremitak bizi izan ziren; familia, lagunak eta ogibidea atzean utzi, eta bakardadea aukeratzen zuten fededunak, alegia. Gaur egun oso zaila egiten da irudikatzea lagun horiek zergatik erabaki zuten bizitza hori eramatea. Erlijio sentimendu sutsuak zeuden erabaki horren atzean, baina gaur egun, seguruenera, fanatismoarekin parekatuko genuke sentimendu hori.
Goi Erdi Aroan hara bizitzera eta hiltzera bertaratu zirenek Jainkoa ororen gainetik jarri zuten.Mugimendu hori antzinako kristautasunaren eremu osoan zabaldu zen. Siriako Simeon Deuna, adibidez, 20 metroko zutabe baten gainean 30 urtez bizi izan zen, otoitz egiten eta predikatzen. Beste batzuk betirako itxialdia aukeratu zuten, ziega ilunetan sartuta eta bertatik Jainkoa gurtzen.
Hauek guztiak, baina, muturreko kasuak izan ziren. Gehienek bakardadea bilatu zuten, baina espazio irekietan. Trebiñuko eremitak mota horietakoak izan ziren. Pertsona horien inguruan, hala ere, ezer gutxi dakigu. Izan ere, izen batzuk baino ez dira ezagutzen: tartean, San Millan edo San Prudentzio.
Ordenen abiapuntua
Hasiera batean mugimendu hau begi onez ikusi bazuen ere, gerora Eliza katolikoak "hippien" mugimendu hau desegitea erabaki zuen, bere kontrolpean ez zegoelako, eta, ondorioz, heresia "arriskutsuak" zabaltzeko eremu aproposak zirelako.
Horregatik, lehen monasterioak eraikitzeari ekin zioten. Eremita horiek fraide bilakatu ziren, eta arau zorrotz baten arabera bizi izan ziren hortik aurrera.
Faidu herrian Elizaren parte-hartze honen adibide bikaina dugu: kobazulo artifizial baten gainean baseliza bat eraiki zuten. Markinezen, berriz, 1226an San Joani eskainitako eliza erromaniko dotorea eraiki zuten. Eta gertutik, Izkiko parke naturalaren atarian, hezurtegi harrigarri bat ikusteko aukera dago. Ikustea zaila bada ere, hezurtegi horren alboan Epona jainkosa paganoari eskainitako irudi bat dago, galdutako paganismo baten isla.