Hiru izurritek bertako biztanle guztiak hil omen zituzten. Objektu Hegalari Ezezagunak ikusi ei dira. Agerpenak eta psikofoniak ere, barra-barra azaltzen dira. Sineskeria horiek guztiak bertan behera utzi dituzte gai horretara hurbildu diren ikertzaileek, baina, hala ere, Otxateren inguruko zurrumurru eta kondairak tinko mantentzen dira herri irudimenean. Prudencio Muguruza izeneko tarot "igarle" batek asmatu zituen Otxateren inguruan esaten diren esames gehienak, eta, hortaz, tarotaren pareko sinesgarritasuna dute ideia horiek. Baina, mundu honetako herrixka normala izan arren, izugarrizko xarma du tokiak.