"Harria" gustuko dutenek ezinbesteko hitzordua dute Trebiñun, eskualde osoan zehar eliza eta bestelako eraikuntza ederrak daudelako. Bereziki famatua da San Vicentejo herrian dagoen Sorkundearen baseliza. 1162an eraiki zuten, harrian bertan zehaztuta dagoen inskripzioaren arabera. Adituek diote bi fasetan eraiki zela: hasiera batean trebetasun handiarekin harrikatu ziren irudiak, baina, gero, presaka bukatu zuten eliza. Are gehiago, zenbait kapitel bukatu gabe daudela dirudi. Bat-bateko presa horien zergatia benetako misterioa da. Irudietan, motibo begetalak ageri dira, baina baita zenbait irudi antropomorfo ere.