Udarako planak, Araban

Ihuda ibaiaren alboko ibilbidea

Juanma Gallego 2018ko abu. 25a, 08:00

Ibaiak milaka urtez marraztutako arroila dago Trebiñun, eta ibilbide ederra egiteko aukera ematen du.

Okina eta Saseta herriak biltzen dituen ibilbide erraza eta lasaia egiteko aukera dago, Ihuda ibaiak milaka eta milaka urtez marraztutako arroila jarraituz. Ibilbideak ordu eta erdiko iraupena izan dezake: hiru orduko ibilbidea, joan-etorrian. Erreka txikia da Ihuda, eta, aukera izatekotan, merezi du neguan edo udaberrian egitea, errekaren ura gozatu ahal izateko. Are gehiago, aurreko egunetan euria ari izan badu; ur-jario txikiak ateratzen dira leku batean edo bestean, ur-jauzi ederrak sorraraziz. Bereziki interesgarria da Rodavieja izeneko ur-jauzia. Inguruetako geologia eta landaredia ere gozatzeko modukoak dira. Bigarrenari dagokionean, ezagunak dira bertako pagadiak, haginak era erkametzak. Behin Saseta herrira helduta, ur-jauzi txiki baten parean kokatuta dagoen errota ikustea merezi du. Bide eta abentura "gogorragoak" behar dituztenek, berriz, GR-38 ibilbide luzearen hirugarren etapa egin dezakete: Albainan hasi eta Estibalizen bukatzen da tarte hau, eta Ihuda ibaiaren arroila ere zeharkatzen du.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago