Erroetan 82 metroko dorre meteorologikoa jartzeko lizentzia bertan behera geratu da

Erredakzioa 2020ko eka. 19a, 10:00
Onraitan eraikitako 82 metroko dorre meteorologikoa. / EH BILDU ARABA

EH Bilduk berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu zuen abenduan, ez zuelako ingurumen-ebaluazioaren txostenik. Arraia-Maeztuko Udalak errekurtsoa onetsi eta bertan behera utzi du Erroetan 82 metroko dorre meteorologikoa jartzeko lizentzia.

Errekurtsoan jaso bezala, dorrea babes bereziko ZEC eremuan jarri da; hau da, paisaia berezien eta apartekoen inbentarioan agertzeaz gain, interes hidrogeologikoa duen eremua da, eta akuiferoen zaurgarritasun oso handiko eremu gisa katalogatuta dago.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak adierazi du proiektua ingurumen-inpaktuaren ohiko ebaluazio-prozeduraren mende dagoela gaur egun, eta, beraz, izapidetutako baimenak eta lizentziak erabat baliogabeak direla.

Arraia-Maeztuko Udaleko Ruth Ibisate EH Bilduko bozeramailearen arabera, "onartu egin da udal lizentzia eskatutako prozedurari jarraitu gabe izapidetu zela". Orain ezeztatutako lizentzia alkatetzaren dekretu bidez esleitu zen.

Plan eoliko handiaren lehen neurketa-dorrea

EAJko alkate Anartz Gorrotxategik esleitutako baimena geldiarazi behar izan du horrela, ingurumen azterketarik ez duelako. Erroetako kontzejuko lurretan Iturrietako mendien aukera eolikoak neurtzeko lehen saiakerak porrot egin du, baina Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) baimena eskatuko du berriro, El Correok aurreratu duenez.

Izan ere, 2019ko azaroan, Arraia-Maeztuko Udalak lizentzia esleitu zion Iberdrolak eta Eusko Jaurlaritzak osatutako Aixeindar partzuergoari, asmo handiko plan batekin energia eolikoa sustatzeko; kokatutako estazio gehienak Araban zeuden.

Iturrietako mendiak estrategikoak dira Aixeindar sozietate publiko-pribatuak sustatutako 600 milioi euroko planaren barruan. Proiekturik aurreratuena da, eta urte hasieran jakitera eman zuten lehena izan zen, 14 urteko geldialdiaren ondoren EAEn energia eolikoa berreskuratzeko plana aurkeztu zenean. EEEren helburua da 2030ean EAEn kontsumitzen den elektrizitatearen %32 berriztagarria izatea.

Iturrietaz gain, Labrazan, Arkamon eta Azazetan finkatu da proiektua Araban. Kasu guztietan, aldez aurretik neurketak egin nahi dituzte, errentagarritasuna baloratzeko.

Hala ere, egitasmoa martxan jarri zenetik, zonaldeko bizilagunen oposizio mugimendu indartsua piztu zen, batez ere, oraingoz, Iturrietako mendien inguruan, Iturrietako Mendiak Aske plataformaren bitartez.

Sabotajea urtarrilean

82 metroko altuera duen dorrea 2019ko amaieran eraiki zuten, baina urtarrilaren 10ean lurrean agertu zen, sabotaje baten ondorioz. Ez zen berriro altxatu, EH Bilduren errekurtsoa dagoeneko aurkeztuta zegoelako.

Urtarrilean erorita agertu zen 82 metortako dorre meteorologikoa. / HALA BEDI

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide