Iberdrolak (%60) eta Energiaren Euskal Erakundeak (%40) sortu duten Aixe Indar konpainiak EAEko haize-sorkuntzako parkea berraktibatu nahi du, bi urteren buruan. Une honetan, neurketak egiten eta kokapenak aztertzen ari da, eta urtebete barru bere lehen parke eolikoa jartzeko proiektu bat izatea espero dute. Araban, Labrazan eta Iturrietako Mendietan, egingo dituzte lehen neurketak, eta konpainiak horretarako baimenak eskatzeko prozedura abiatu du jada.
Eusko Legebiltzarrak 2009ko ekainean onartu zuen EAEko plan eolikoa bertan behera uztea, eta hala egin zuen Eusko Jaurlaritzak. Hilabete batzuk lehenago Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputazioek ere aurreikusitako parke eoliko guztien proiektuak bertan behera uztea erabaki zuten. Jaurlaritzak, hiru foru aldundiek eta udalek parke eolikoen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozeduren inguruan sortutako zalantzak argitzeko denbora behar zutelako hartu zuten neurria. Parke eolikoen inguruan sortutako oposizio handiak ere eragin zuen luzamendua.
Alta, Aixe Indar konpainiaren iturrien arabera, luzamendu eolikoa akordio bat zen, baina ez lege bat; "beraz, aurreko lurralde-plan sektorial eolikoak indarrean jarraitzen du eta proiektu berriak garatzeko aukera ematen du". Plan horretan sei parke eoliko eraikitzea aurreikusten zuten, eta beste hamahiru parke txikiak.
EEEko zuzendari nagusi Iñigo Ansolak azaldu duenez, 2030erako energia berriztagarrien kontsumoa %30eraino handitu nahi dute, eta horretarako hiru lan-ardatz izango dituzte: biomasa, eguzki-energia eta energia eolikoa sustatzea. "Tokiko ekoizpen berriztagarri eolikoa handitzeko konpromisoa dugu, eta Iberdrolarekin proiektu berrietan lan egitea erabaki dugu, energia-trantsizioa errealitate bihurtzeko", esan du zuzendariak. Energia eolikoari dagokionez, EAEn 150 megawatteko potentzia dago egun, eta 2030erako 780 megawatt jarriko dira.
Euskal Autonomia Erkidegoko lehen parke eolikoa Elgea mendian eraiki zuten. Lehen parke horrek 40 aerosorgailu eta 27 megawatt ekoizteko gaitasuna du. Urte batzuk beranduago, Urkillako parkea eta Oiz mendikoa zabaldu zituzten (2001 eta 2004 urteen artean).