Iturrietako Mendietan parke eolikorik ez dutela nahi berretsi dute

Juanma Gallego 2020ko urt. 2a, 12:23
Energia eolikoaren alorreko egitasmo berriak martxan jarri nahi dituzte. / J.G.

Natura 2000 Sarearen barruan dagoen eremua dela argudiatu dute, eta horrelako azpiegitura batek bereziki bertako hegazti nekrofagoei eragingo liekeela salatu dute. 

Iturrietako Mendiak Aske izeneko plataforma osatu dute Lautadako eta Mendialdeko hainbat herritako lagunek, inguru horretan parke eoliko bat eraikiko duten beldur. Osatu baino, duela hamarkada bat eratutako plataforma bat berreskuratu dute. Izan ere, Entziako mendilerroan parke eoliko bat ezartzeko asmoa ez da gaur egungoa. 2002an argitaratutako Energia Eolikoaren Lurralde Plan Sektorialean kokapen hori aintzat hartu zen, baina 2009an Eusko Legebiltzarrak EAEko plan eolikoa bertan behera uztea erabaki zuen. 

Azken hilabeteotan, baina, EAEn energia eolikoari lotutako egitasmo berriak martxan jartzeko mugimenduak izan dira. Hala, Iberdrolak eta Energiaren Energiaren Euskal Erakundeak negozio arlo horretan aritzeko enpresa berria sortu dute, Aixeindar izenekoa, eta parke berriak eraikitzeko leku bila ibili dira. Arabaren kasuan, Labraza eta Iturrietako Mendiak izan dira momentuz aztertu dituzten kokapenak. 

Iazko azaroaren 27an jarri zuten Iturrietako Mendiak haizea neurtzeko dorre bat, eta horrek alarmak piztu ditu bertako biztanleen eta ekologisten artean. Gabon egunaren bezperan emandako prentsa agerraldi batean aurkeztu zuten parke horri aurre egiteko plataforma. Aixeindar enpresak jarritako haize neurgailua "eraiki nahi duten parke eolikoaren hasiera besterik ez dela" babestu du plataformako eledun Rebeca Gonzalez de Alaizak.

Ingurune hori duela bost urte izendatutako Natura 2000 Sareko Kontserbazio Bereziko Eremu bat dela gogorarazi dute. Argudiatu dutenez, interes bereziko eremua da hegazti nekrofagoentzat, hala nola ugatza (Gypaetus barbatus), sai zuria (Neophron percnopterus) edo sai arrea (Gyps fulvus), eta animalia horiek babesteko neurri garrantzitsuenetako bat da inguruan parke eolikorik ez egotea, elektrokuzioagatik edota talkengatik gertatutako heriotzak saihestu aldera. 

Hala zehazten du espezie horiek babesteko Jaurlaritzak eta EAEko hiru aldundiek sinatutako planak. Zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoan Batasunaren Intereseko Hegazti Nekrofagoak Kudeatzeko Baterako Planeko 12. artikuluan hitzez hitz azaltzen da kontua. "Hegaztiek haize-sorgailuen eta energia ebakuatzeko lineen kontra talka egiteko arriskurik ez izateko, ahal dela, Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoen interes bereziko eremuetan eta, bereziki, ugatzaren edo/eta sai zuriaren eremu kritikoen 10 km-ko inguruan ez da instalatuko zentral eolikorik".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide