Iturrietako Mendietako parke eolikoa aurten jarri nahi dute martxan

Erredakzioa 2020ko urt. 24a, 13:35

Parke eolikoa martxan jarri nahi dute Iturrietako mendietan. / Argazkia: Juanma Gallego

Iberdrolak eta Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) sortutako Aixeindar konpainia zortzi kokaleku aztertzen ari da haize errotak jartzeko. Bost aurrera ateratzea espero dute, horietako bat Iturrietako Mendietan.

Iñigo Ansola EEEko zuzendariak eta Julio Castro Iberdrola Renovableseko kontseilari ordezkariak aste honetan aurkeztu dute 2030era begira Eusko Jaurlaritzaren Energia Estrategian jasotako helburuak lortzen lagundu nahi duen Aixeindar sozietatearen plana.

2009an Eusko Jaurlaritzak bertan behera utzi zuen EAEko Lurralde Plan Sektorialaren plan eolikoa suspertzeko asmoa dute. Hala, ofizialki konfirmatu dira ALEAk abenduan argitaratutako informazioak.

Zortzi kokaleku aztertzen ari dira haize errotak jartzeko, eta horietako bost aurrera ateratzea espero dute. 2030era bitartean, 500 milioi euroko gastua aurreikusi dute.

Iturrietako mendietako instalazioaren garrantzia azpimarratu dute aurkezpenean. Bertan haizea neurtzeko dorre bat jarri zuten duela gutxi, baina ezezagunek txikitu egin dute; momentuz azpiegitura konpontzen ari dira. Probetan emaitza positiboak lortuz gero, Iturrietako haize errotak 2021aren hasierarako martxan egon daitezkeela iragarri dute.

Elgeako parke eolikoa. / Argazkia: Mikel Arrazola (Irekia)

 

EAEko plan eolikoaren berpizkundea

Iberdrolak (%60) eta Energiaren Euskal Erakundeak (%40) sortu duten Aixeindar konpainiak EAEko haize-sorkuntzako parkea berraktibatu nahi du. Une honetan, neurketak egiten eta kokapenak aztertzen ari da, eta urtebete barru bere lehen parke eolikoa jartzeko proiektu bat izatea espero dute. Araban, Labrazan eta Iturrietako Mendietan egingo dituzte lehen neurketak.

Eusko Legebiltzarrak 2009ko ekainean onartu zuen EAEko plan eolikoa bertan behera uztea, eta hala egin zuen Eusko Jaurlaritzak. Hilabete batzuk lehenago Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputazioek ere aurreikusitako parke eoliko guztien proiektuak bertan behera uztea erabaki zuten.

Jaurlaritzak, hiru foru aldundiek eta udalek parke eolikoen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozeduren inguruan sortutako zalantzak argitzeko denbora behar zutelako hartu zuten neurria. Parke eolikoen inguruan sortutako oposizio handiak ere eragin zuen luzamendua.

Alta, Aixeindar konpainiaren iturrien arabera, luzamendu eolikoa akordio bat zen, baina ez lege bat; "beraz, aurreko lurralde-plan sektorial eolikoak indarrean jarraitzen du eta proiektu berriak garatzeko aukera ematen du". Plan horretan sei parke eoliko eraikitzea aurreikusten zuten, eta beste hamahiru parke txikiak.  

EEEko zuzendari nagusi Iñigo Ansolak azaldu duenez, 2030erako energia berriztagarrien kontsumoa %30eraino handitu nahi dute, eta horretarako hiru lan-ardatz izango dituzte: biomasa, eguzki-energia eta energia eolikoa sustatzea. "Tokiko ekoizpen berriztagarri eolikoa handitzeko konpromisoa dugu, eta Iberdrolarekin proiektu berrietan lan egitea erabaki dugu, energia-trantsizioa errealitate bihurtzeko", esan du zuzendariak. Energia eolikoari dagokionez, EAEn 150 megawatteko potentzia dago egun, eta 2030erako 780 megawatt jarriko dira. 

Euskal Autonomia Erkidegoko lehen parke eolikoa Elgea mendian eraiki zuten. Lehen parke horrek 40 aerosorgailu eta 27 megawatt ekoizteko gaitasuna du. Urte batzuk beranduago, Urkillako parkea eta Oiz mendikoa zabaldu zituzten (2001 eta 2004 urteen artean).

Iturrietako Mendiak Aske izeneko plataforma sortu dute.

 

Bizilagunek ez dute parke eolikorik nahi

Iturrietako Mendiak Aske izeneko plataforma osatu dute Lautadako eta Mendialdeko hainbat herritako lagunek, inguru horretan parke eoliko bat eraikiko duten beldur. Osatu baino, duela hamarkada bat eratutako plataforma bat berreskuratu dute.

Natura 2000 Sarearen barruan dagoen eremua dela argudiatu dute, eta horrelako azpiegitura batek bereziki bertako hegazti nekrofagoei eragingo liekeela salatu dute. Animalia horiek babesteko neurri garrantzitsuenetako bat da inguruan parke eolikorik ez egotea, elektrokuzioagatik edota talkengatik gertatutako heriotzak saihestu aldera.

2019ko azaroaren 27an jarri zuten Iturrietako Mendietan haizea neurtzeko dorre bat, eta horrek alarmak piztu zituen bertako biztanleen eta ekologisten artean. Gabon egunaren bezperan emandako prentsa agerraldi batean aurkeztu zuten parke horri aurre egiteko plataforma.

Aixeindar enpresak jarritako haize neurgailua "eraiki nahi duten parke eolikoaren hasiera besterik ez dela" babestu du plataformako eledun Rebeca Gonzalez de Alaizak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago