Arabaren hego-ekialdean kokatuta, Izkiko parke naturalak bioaniztasunaren altxorra gordetzen du bere barrenean. Guztira, 9.143 hektarea biltzen ditu babestutako eremuak, eta, horietan, naturan galtzeko aitzakiak ez dira falta.
Harkaitzak eta basoak dira Izkiko protagonista nagusiak, eta bi elementu horien arteko solasalditik azaleratzen dira mota guztietako kolore eta sentsazioak, urtaroaren arabera.
Ibai txikiek parkea zeharkatzen dute eta, haien ibilbidean zehar, putzu eta zingira txikiak sortzen dituzte handik eta hemendik. Hortaz, anfibioek, hegaztiek eta intsektuek oasi txiki horiek erabiltzen dituzte haien eguneroko zereginetan. Leku berezi horien artean, ezagunena Olandina aintzira txikia da, Birgara Goien eta Apenaizen artean kokatuta. Nenufar zuria topa daiteke bertan, eta, isiltasunez hurbilduz gero, horien gainean ere igelak ikusteko parada suerta daiteke. Bereziki etxeko txikienek gozatzeko modukoa da txangoa, eta, horren aitzakian, helduak ere. Ipuinetako paisaia izanda ere, ez saiatu igelari musurik ematen: horrek ipuinetan baino ez du balio.
Espinal izeneko putzua ere ezaguna da, eta, goizean goiz, batzuetan sortzen diren lainoak ere zeharo ederrak dira. Hasiera batean, putzua inguruetako laborantzak ureztatzeko sortu zuten, baina, denborarekin, naturak bere lana egin du, eta egun paisaia basatia da.
Landeredi bikaina
Ura eta bizia oso ondo moldatzen direnez, landaredi bitxia eratu da parkean zehar. Ameztiak, pagadiak eta artadiak dira ikusgarrienak, baina lurrera begiratzean, ezusteko bikainak aurki daitezke. Horien artean, Izki bereziki ezaguna da bertan bizi diren landare karniboroak direla eta. Intsektuek eta potxokiek ez ezik, horiekiko beldurrik ez da izan behar, baina landare txiki horiek identifikatu ahal izateko beharrezkoa izango da gidaliburu on bat eskura izatea.
Korres herria da parkearen erdian kokatuta dagoen hirigune bakarra, eta bertatik abiatzen dira ibilbide ugari. Guztira, parkean zehar 15 ibilbide egin daitezke. Korresen inguruan jolas-gune bat dago ere.
Geologiarekiko interesa dutenek ere gozatuko dute parkeaz. Eremua, sakonera txikiko itsaso baten azpian zegoen duela 40 milioi urtera arte. Arroketan iragan horren isla diren fosilak ere aurki daitezke. Kareharrizko haitz handiak ezagunak dira. Horien artean, Muela izenekoa da handiena, kilometro bat baino gehiagoko altuera duelarik.