Hegaztiak behatzeko aukera ederra ematen du natur parkeak. Zenbaitetan, birding entzungo duzu: ez larritu ingelesa ez badakizu; finean, gauza bera dira. Prismatikoak hartu eta, gidaliburu edo sakelako aplikazio on bat eskura izanda, ornitologia naturan murgiltzeko aitzaki bikaina da. Jakina da hegaztiek basoa eta ur eremuak bereziki gustuko dituztela. Hortaz, Izki leku ezin aproposagoa da hegaztientzat, eta, baita, horiek behatzea gustuko dituztenentzat ere. Espezie "handien" artean, sai zuria, sai arrea, arrano beltza eta belatza topatzen dira. Tamaina txikietara joanda, erle-txoria, zozoa eta, nola ez, okil ertaina dira ohikoenak. Azken hau bereziki garrantzitsua da parkean, eta benetako sinboloa bilakatu da. Okilaren inguruko ikerketa sustatzeko eta biziraupena bermatzeko Life motako proiektu bat martxan dago. Hegaztiak ikusteko leku aproposenak dira Antoñanako Bidezidorreko begiratokia eta parkeko ibilbide hauek: Mandazainen, Agin, "El Paseo" eta Marizurieta. Korresko parketxean ibilbide horien inguruko informazioa dago.