Jaietan murgildu da Agurain, igandera bitartean

Erredakzioa 2023ko urr. 2a, 18:30

Larunbatean hasi ziren Aguraingo jaiak, Lope de Larrea ikastolako komunitateak jaurtitako txupinazoarekin. Astearteko abere azoka tradizionalaren ostean, jaietako bigarren asteburuari ekingo diote datozen egunetan.

Denok dakigunez, Agurain ez da urtean zehar jai gutxi ospatzen dituen herri horietako bat. Baina egutegian gorriz markatutako hitzordu nagusia iritsi da jada, joan den larunbatean hasi baitziren Aguraingo jaiak. Aurten, irailaren 30etik urriaren 8ra bitartean ospatuko dira. Urtero bezala, bi asteburuko festa eta astearteko azoka izango dira jaien hitzordu nagusiak, baina askotariko jarduerak izango dira aste osoan zehar, txosnagunean eta herri osoan zehar.

Jaien aireratzea

Atarikoen ostean, irailaren 30ean, larunbatean, iritsi zen txupinazoa eta jaien hasiera, 19:00etan. Aurten 50 urte bete dituen Lope de Larrea ikastola publikoko hezkuntza komunitateko kideak izan dira txupineroak. Horrez gain, egunean zehar askotariko jarduerak izan ziren: erakusketa filatelikoaren inaugurazioa, kalejirak, gazte bazkaria, txirrindularitza lasterketa, danborrada, zezensuzkoa...

Gauean, musika eta kontzertuak nagusitu ziren, festa leherraraziz: San Juan plazan, La Municion, Segismundo Toxikomano eta Herenegun; Santa Maria plazan, berbena Tximista taldearen eskutik; eta 01:00etatik aurrera, DJ Malandro txosnagunean.

Asteartera bitartean ere, ez da atsedenik izango. Igandean, urriaren 1ean, dianak, haurrentzako jolasak, tailerrak, tren turistikoa, meza, bermut-dantzaldia, ipuin kontalaria, karaoke ibiltaria, batukada, aulki jokoa, dantzaldia, herri parrillada, zezensuzkoa, Abian taldearen kontzertu akustikoa, EH Sukarra taldearen kontzertua San Juan plazan, DJ Arira txosnagunean...

Astelehenean, urriaren 2an, XLVII. Omenaldia Atzoko Gazteei: harrera udaletxean, ginkana, meza, bermut dantzaldia, bertso-ardo-kata-bazkaria, pilota partidak, Eleder Magoa, txapel jaurtiketa, Twister erraldoia, eta, berriz ere, kontzertuak: Santa Maria plazan, dantzaldia Ingenio Orkestraren eskutik; txosnagunean, berriz, La Pandilla Pecadora, Puraposse eta DJ Pink Panter.

Abere azokak 628 urte

Asteartean izango da Aguraingo Abere Azokaren 628. edizioa, 11:00etatik aurrera, askotariko jarduerarekin: ganadu azoka (behi, txerri, ahuntz eta ardien erakusketarekin), nekazaritzako makineriaren erakusketa, Arabako artzai gazta lehiaketa, Euskal Herriko artisautza, gastronomia eta produktu tipikoen erakusketa eta salmenta, trikitixen kalejira... Eta arratsaldean, pilota partida kiroldegian, eta, txosnagunean, Mikel Magoa eta txokolatada.

Bigarren asteburua

Bi eguneko atsedenaren ostean, ostiralean, urriaren 6an, festa itzuliko da Agurainera, Txosnen eta Blusen eta Nesken Egunarekin: 18:00etatik aurrera, euskal dantzak, hiru marran jolasa, zurrakapote lehiaketa, txostorrada, afari herrikoia, eta, txosnagunean, Muxutruk erromeria eta DJ Azken Oliba.

Ospakizunak maila gorenera iritsiko da bigarren larunbatean, urriaren 7an, egun osoko eta egunsentira arteko egitarauarekin, 11:00etatik aurrera: pilota txapelketaren finala, patata eta haragi kalderete lehiaketa, 2022tik jaiotakoei harrera, txaranga, elektrotxaranga, aparraren jaia, Kapikua Zirkus, bolo txapelketa, Independentziarako indarra kalejira, zezensuzkoa... Iluntzean, 20:00etatik aurrera, musika nagusi: San Juan plazan, dantzaldia DJ Txumasketarekin; txosnagunean, Goxua 'n Salsa, Olaia Inziarte, Arene 6 eta DJ Hmndk Etxera.

Igandean, urriaren 8an, gauean izango da sardinaren ehorzketa eta jaien amaierako traka, San Juan plazan. Baina lehenago, egun osoko egitaraua izango da festak agurtzeko: herri kirolak, kulturarteko kalejira, dantza plazan, bertso bazkari herrikoia, txaranga, DJ Kaktus, dantzaldia, suzko zezena...

TXOSNAK

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago