Euskaraz eskatzeak saria du

Juanma Gallego 2023ko ira. 30a, 09:00

Herritarren artean banatuko dituzte kartoitxoak, euskaraz eskatzea sustatu aldera. Argazkia: ARITZ MARTINEZ DE LUNA / ALEA

Aguraingo Udalak, txosna batzordearekin batera, jaietan euskararen erabilera sustatzeko kanpaina bat abiatu du. Euskaraz eskatzen den bakoitzean pegatinatxo bat jasoko da, bonu antzeko bat betetzeko.

Azken urteotan euskararen erabilera sustatzeko askotariko ekimenak egin dituzte Agurainen, udalak berak aurtengo jai egitarauan azpimarratu duen moduan. Horien artean, Berbalagun, 75 ordu euskaraz eta Euskaraldia nabarmendu dituzte. "Jai garaia une aproposa iruditzen zaigu, ekimen hauen bidez emandako urratsei jarraipena emateko, euskarak gure kaleak bere egin ditzan", erantsi dute.

"EKIMENAK OSO HARRERA ONA IZAN DU: TABERNA GUZTIEK BAIEZKOA EMAN DUTE". BAKARTXO BRAVO, EUSKARA ZINEGOTZIA

Xede hori buruan, jaietan ekimen berezia prestatu dute, Bakartxo Bravo Urbina Euskara eta Hezkuntza zinegotziak azaldu duenez. "Jaietan euskara bultzatzeko kanpaina bat aurrera eraman nahi genuen, baina ez genuen nahi soilik kontsumora bideratua edo zerbait bisuala izatea". Ez zen soilik udalaren ardura. "Bagenekien Txosnagunean euskara kanpainarekin bueltaka ari zirela, euskaraz eskatzen zutenei nolabait saritzeko ideia izan zuten". Aritz Armendariz txosna batzordeko kidearekin batera ideia gorpuztu zuten, eta pentsatu zuten are interesgarriagoa zela ideia hori herri osora zabaltzea.

Kartoitxo bakoitzak hamar pegatina jartzeko hutsuneak ditu. Argazkia: AGURAINGO UDALA

Hortaz, herriko tabernariekin hitz egin dute, jakiteko kanpainan parte hartzeko prest dauden. "Ekimenak oso harrera ona izan du, eta herriko taberna guztiek baiezkoa eman digute".

Kanpainaren funtzionamendua ez da batere konplikatua. Udalak mila kartoi txiki inprimatu ditu. Kartoi txikiak dira, diru zorroan eramateko modukoak. "Horiek herritarren artean banatuko ditugu. Momentuz ez dugu zehaztu banatzeko modua, hau da, tabernetan utziko ditugun ala guk banatuko ditugun". Bestetik, tabernetan pegatina txikiak utziko dituzte.

"Kartoi bakoitzean hamar hutsune egongo dira. Norbaitek erronda euskaraz eskatzen duenean ­­—ekimenean parte hartu nahi badu—, pegatina bat jasoko du, eta bere kartoian jarriko du. Behin hamar pegatina horiek lortu eta kartoia betetzen duenean, bertan izena eta telefonoa jarri beharko ditu, eta gero Txosnagunean  egongo den kutxa batean sartzea besterik ez dago".

Gauerdiraino

Pegatinak jaietan guztietan zehar lortu ahalko dira. Dena dela, eta ordu txikietan logistika kontuak zertxobait konplikatzen direla jakitun, ekimenaren bultzatzaileek erabaki dute pegatinak soilik gaueko hamabiak arte eskatu ahalko direla. 

Euskal Jaiarekin batera, ospakizunetako azken igandean, zozketa egingo dute. Momentuz ez dute saria zehaztu, baina ideiak dituzte buruan. Sari handi bat —"gure aukeren arabera, noski­"— eta sari txikiagoak ere izango dituzte; seguruenera, euskal kulturari lotuta.
Tabernarien artean ideiak harrera ona izan duen modu berean, espero dute herritarren artean ere harrera berdina izatea. "Erabilerari eta ikasketari eman nahi izan diegu garrantzia. Horregatik, animatzen dugu jendea euskaltegira apuntatzera", dei egin du Bravok.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago