Aguraingo jaietan izango dira Segismundo Toxikomano, EH Sukarra eta Olaia Inziarte

Erredakzioa 2023ko ira. 21a, 17:00

Abere azoka, Segismundo Toxikomano, EH Sukarra eta Olaia Inziarte. ALEA

Irailaren 30etik urriaren 8ra ospatuko dira aurten Aguraingo jaiak. Astearteko abere azoka tradizionala, bi asteburuko egitarau zabala eta askotariko kontzertuak izango dira. Lope de Larrea ikastolako komunitateak jaurtiko du txupinazoa.

Denok dakigunez, Agurain ez da urtean zehar jai gutxi ospatzen dituen herri horietako bat. Baina egutegian gorriz markatutako hitzordu nagusia iristear da, datorren astean itzuliko baitira Aguraingo jaiak, irailaren 30etik urriaren 8ra bitartean. Urtero bezala, bi asteburuko festa eta astearteko azoka izango dira jaien hitzordu nagusiak, baina askotariko jarduerak izango dira aste osoan zehar.

Egitarau ofiziala aurkeztu dute aste honetan (Aitziber Ruiz de Eguino artista da azalaren egilea), irailaren hasieran argitaratutako txosnagunearen programazioa osatuz. Beraz, Aguraingo jaiak osatuko dituzten ehunka jardueren artean aukeratzeko unea da jada.

Jaien aireratzea

Atarikoen ostean, irailaren 30ean, larunbatean, iritsiko dira txupinazoa eta jaien hasiera, 19:00etan. Aurten 50 urte bete dituen Lope de Larrea ikastola publikoko hezkuntza komunitateko kideak izango dira txupineroak. Horrez gain, egunean zehar askotariko jarduerak izango dira: erakusketa filatelikoaren inaugurazioa, kalejirak, gazte bazkaria, txirrindularitza lasterketa, danborrada, zezensuzkoa...

Gauean, musika eta kontzertuak nagusituko dira, festa leherraraziz: San Juan plazan, La Municion, Segismundo Toxikomano eta Herenegun; Santa Maria plazan, berbena Tximista taldearen eskutik; eta 01:00etatik aurrera, DJ Malandro txosnagunean.

Asteartera bitartean ere, ez da atsedenik izango. Igandean, urriaren 1ean, dianak, haurrentzako jolasak, tailerrak, tren turistikoa, meza, bermut-dantzaldia, ipuin kontalaria, karaoke ibiltaria, batukada, aulki jokoa, dantzaldia, herri parrillada, zezensuzkoa, Abian taldearen kontzertu akustikoa, EH Sukarra taldearen kontzertua San Juan plazan, DJ Arira txosnagunean...

Astelehenean, urriaren 2an, XLVII. Omenaldia Atzoko Gazteei: harrera udaletxean, ginkana, meza, bermut dantzaldia, bertso-ardo-kata-bazkaria, pilota partidak, Eleder Magoa, txapel jaurtiketa, Twister erraldoia, eta, berriz ere, kontzertuak: Santa Maria plazan, dantzaldia Ingenio Orkestraren eskutik; txosnagunean, berriz, La Pandilla Pecadora, Puraposse eta DJ Pink Panter.

Abere azokak 628 urte

Asteartean izango da Aguraingo Abere Azokaren 628. edizioa, 11:00etatik aurrera, askotariko jarduerarekin: ganadu azoka (behi, txerri, ahuntz eta ardien erakusketarekin), nekazaritzako makineriaren erakusketa, Arabako artzai gazta lehiaketa, Euskal Herriko artisautza, gastronomia eta produktu tipikoen erakusketa eta salmenta, trikitixen kalejira... Eta arratsaldean, pilota partida kiroldegian, eta, txosnagunean, Mikel Magoa eta txokolatada.

Bigarren asteburua

Bi eguneko atsedenaren ostean, ostiralean, urriaren 6an, festa itzuliko da Agurainera, Txosnen eta Blusen eta Nesken Egunarekin: 18:00etatik aurrera, euskal dantzak, hiru marran jolasa, zurrakapote lehiaketa, txostorrada, afari herrikoia, eta, txosnagunean, Muxutruk erromeria eta DJ Azken Oliba.

Ospakizunak maila gorenera iritsiko da bigarren larunbatean, urriaren 7an, egun osoko eta egunsentira arteko egitarauarekin, 11:00etatik aurrera: pilota txapelketaren finala, patata eta haragi kalderete lehiaketa, 2022tik jaiotakoei harrera, txaranga, elektrotxaranga, aparraren jaia, Kapikua Zirkus, bolo txapelketa, Independentziarako indarra kalejira, zezensuzkoa... Iluntzean, 20:00etatik aurrera, musika nagusi: San Juan plazan, dantzaldia DJ Txumasketarekin; txosnagunean, Goxua 'n Salsa, Olaia Inziarte, Arene 6 eta DJ Hmndk Etxera.

Igandean, urriaren 8an, gauean izango da sardinaren ehorzketa eta jaien amaierako traka, San Juan plazan. Baina lehenago, egun osoko egitaraua izango da festak agurtzeko: herri kirolak, kulturarteko kalejira, dantza plazan, bertso bazkari herrikoia, txaranga, DJ Kaktus, dantzaldia, suzko zezena...

TXOSNAK

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago