LOPE DE LARREA

Gizarte aldaketaren isla

Juanma Gallego 2023ko ira. 30a, 06:00

Aurten Lope de Larrea ikastetxeak izango du Aguraingo jaiei hasiera emango dien txupinazoa botatzeko ohorea. Argazkia: LOPE DE LARREA

Lope de Larrea ikastetxeko hezkuntza komunitateak botako du txupinazoa Agurainen, azken 50 urteetan egindako lana aitortuz. Urte hauetan guztietan asko aldatu dira gauzak, gizartearekin berarekin batera.

Arabako beste ikastetxe askotan bezala, Lope de Larrea ikastetxean urteurren borobila daukate aurten: 50 urte pasa dira lehen jarduna 1973an hasi zutenetik, eta, noski, urteurrenak atzera begiratzeko eta aurrera begira prestatzen jarraitzeko une aproposak dira. Horretaz jakitun, Aguraingo jaietan aurten bertako hezkuntza komunitatearen esku utzi dute ospakizunei hasiera emango dien txupinazoa botatzea. Ikastetxean oso pozik daude ohore hori jaso izanagatik, baina, bitxia bada ere, buruhauste txiki bat ere ekarri die erabakiak, Inma Sarria irakasleak aitortu duenez. "Denbora honetan guztian zehar horrenbeste pertsona ikastetxetik pasa direnean, pentsa zein zaila den bospasei lagun aukeratzea", azaldu du. "Deitzen diezunean, batzuek esaten dizute ea zergatik igo behar diren beraiek txupinazoa botatzera. Jakin dugunez, baten bat minduta sentitu da ere deitu ez diogulako. Baina oso zaila da aukeraketa egitea".

ESKOLAN ZAILA EGIN ZAIE TXUPINAZOA BOTAKO DUTENAK AUKERATZEA, JENDE ANDANA EGON DELAKO

Ez da urteurrena ospatzeko egingo duten ekimen bakarra. Baina, jaien kasuan bezala, bai hasiera emango diena. 
Sarriak berak urte asko daramatza ikastetxean. "Duela 30 urte inguru, Irakasle Eskola ikasketak bukatu eta gutxira, deitu zidaten ikastetxean lan egiteko. Garai horretan, gurasoen kooperatiba bat zen ikastola". Eskola sare publikora pasa zenean, ordezkapenak egiten ari zirenak kanpoan geratu ziren, eta, ondorioz, Sarria hainbat urtez Araba osoan zehar ordezkapenak egiten ibili zen. "Jarraian, Lope de Larrean hogei bat urte daramatzat", zehaztu du.

Gogoan ditu hasierako urte horietan askoz txikiagoa zela ikastetxea. "Hasi nintzenean, 60 bat ikasle egongo ziren. Bestetik, guraso gehienak erdaldunak izan arren, apustua egiten zuten beren seme-alaben hezkuntza euskaraz izan zedin".

Populazioaren gorakada

Eskualdea asko hazi da ordudanik. "Hasierako urte horietan errolda egiten ibili nintzen, eta Agurainen eta Donemiliagan 2.000 biztanle inguru zeuden. Orain, berriz, 6.000 biztanleren bueltan ari gara". 
Populazioaren gorakada ikastetxean nabaritu da ere: 500 ikasle baino gehiago izatera pasa dira orain. Irakasle kopurua ere handitu da horrekin batera. "Hamabi bat izango ginen, eta familia txikia osatzen genuen. Orain 60 irakasle inguru egongo gara, eta, ondorioz, kontaktua ez da lehen bezain estua".

Populazioaren gorakadarekin eta sare publikora igarotzearen ondorioz, etorri berri diren ikasle asko jatorri atzerritarreko familietakoak dira. "Gaur egun ikasleen %40 inguru familia etorkinekoak dira".

"BATZUETAN, ESKOLAN LANTZEN DITUGUN BALOREAK EZ DIRA ETXEAN ONARTZEN". INMA SARRIA, IRAKASLEA

Errealitate berriaren ondorioz, garai berrietara egokitzen ahalegindu dira. "Ikastetxeaz gain, hezkuntza bera eta gizartea asko aldatu dira urte hauetan guztietan", adierazi du Sarriak. Besteak beste, gaur egun familia gehienetan aitak eta amak lan egiten dute, eta horrek eskatzen du umeak 09:30etik 16:30ak arte eskolan egon behar izatea. Besteak beste, hori jantokian ikusten da, gaur egun 300 ikasle inguruk bertan jaten dutelako. Sarriak ondo ezagutzen du horrenbeste ikasle elikatzeko beharrezkoa den logistika, aurten bere esku dagoelako jantokiaren ardura. Dena dela, hau ez da Sarriak ikusten duen aldaketa bakarra. "Guraso askok umeak ekartzen dituzte ekarri behar dituztelako, baina exijentzia maila etxean oso baxua da". Arazoa are handiagoa da etxean euskararen sustapenari dagokionez. 

Jakina da askotan gobernu bakoitzak bere marka propioa utzi nahi duela irakaskuntza sisteman, eta horrek are gehiago nahasi ditu urak. "Ni hasi nintzenetik, hezkuntzaren legea bost bat aldiz aldatu da, eta horrek eragin du askotan irakasleak ez garela seguru eta gustura sentitzen. Batzuetan metodologian egindako aldaketa txikiak dira, baina, beste batzuetan, legeak erabateko funtzionamendu aldaketa dakar". 

Lehen sahararra

Askotan, garaiak zelan aldatu diren ulertzeko, modurik onena da teoriaren mundu miresgarritik jaitsi eta egunerokotasunera jotzea. Errealitatea zelan aldatu den adierazten duen anekdotaren bat eskatu diogunean, aspaldiko bizipen bat etorri zaio burura Sarriari. "Oroitzen naiz lehen familia sahararra eskolara etorri zenean barnetegira joatear geundela. Garai horietan kurtso hasieran egiten genuen txango hori, batez ere udan etxe askotan galdutako euskararen praktika berreskuratze aldera. Bada, saharar ikaslea etortzera animatu zen, baina euskara ez zuen batere ulertzen. Beizamako [Gipuzkoa] aterpetxean ginela, afarian ikasle bat hurbildu zitzaidan, arduratuta. Ume saharar hori hirugiharra oso gustura jaten ari zela esan zidan. Hurbildu nintzaion, ea janari hori gustuko zuen galdetuz, baina, tentu handiz, esan nion aldatuko niola beste zerbaitengatik. Bera pixka bat moskeatuta geratuko zen, noski. Ondoren, baten batek esango zion txerrikia jan zuela. Oso gaizki pasa zuen gizajoak, eta pasillora atera zen, otoitz egin behar zuela esanez, eta jandakoa bota nahian. Ardura asko zuen, ea zerbait gertatuko zitzaion beldur, baina gu ahalegindu ginen konbentzitzen ez zitzaiola ezer gertatuko, guk ere jana genuela txerriki hori. Ez ginen konturatu horretaz, lehen aldia zelako eskolan ume musulman bat geneukana. Gaur egun jantokian txerria jaten ez duten 80 bat ikasle izango dituztela dio Sarriak, eta horretarako prestatuta daude. 

Erronka berriak

Janariarena konponduta ere, erronka berriak ez dituzte faltan izango. Sarriaren aburuz, horietako bat ingelesaren sarrera edo teknologia berrien txertaketa izango da. Baina badira ere soka luzeagoa ekarriko dutenak. 

"Batzuetan guk eskolan transmititzen ditugun baloreak etxean ez dira onartzen. Erlijio guztiak errespetatzea edo erlijiorik ez izateko hautua onartu behar dela, adibidez. Sexu askatasunarena ere askotan onartzen ez den kontua da. Nik neuk kontzientzia handia daukat gai horrekiko, nire semea transexuala delako. Saio bereziak egiten ditugu LGTBI kolektiboaren errealitatea klasean ezagutarazteko. Baina, adibidez, iaz ikasle bat gelatik atera zen, esanez hori ezin zuela ezta entzun ere". Ondorioz, Sarriak "askotan atzera egiten ari garen sentsazioa" duela aitortu du. Erronkak erronka, txupinazoa botatzeko ordua da. Jaso Ruiz de Alegria eta Nerea Ruiz de Munainen esku egongo da hori. Hasi dadila festa. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago