SOS Ostalaritza

Aguraingo ostalariek "inolako alternatibarik gabe" daudela salatu dute

Erredakzioa 2020ko aza. 16a, 10:25
Aguraingo herritarrak ostalaritzaren alde mobilizatu dira igande honetan. / ALEA

Ostalaritzaren aldeko mobilizazioek ez dute etenik. Asteburu honetan, Agurainen ere kalera atera dira, ostalariak "pandemiaren errudun" sentiarazi dituztela salatu eta herritarren "jarrera arduratsua" txalotzeko.

Aguraingo ostalariak "haserre eta kezkatuta" daude, euren "bizimodua" diren taberna eta jatetxeak arriskuan daudelako. "Pandemiaren hasieratik, konponbideak bilatu ordez errudunak bilatu izan dira: pertsona migranteak, gazteak, umeak… eta, noski, ostalaritza", deitoratu dute Agurainen, igande honetan egindako mobilizazio jendetsuan: "Ireki genuenetik jomugan egon gara eta pandemiaren errudun gisa tratatu gaituzte".

Salatu dutenez, garraio publikoa eta merkataritza gune handiak jendez beteta dauden bitartean, "murrizketa guztiak ostalaritzara bideratu dira". Azken dekretuak, gainera, taberna eta jatetxe guztiak ixtea agindu du; Eusko Jaurlaritzak 4.000 euro arteko diru laguntzak iragarri dituen arren, "inolako alternatibarik eskaini gabe" jarraitzen duela diote Aguraingo ostalariek. "AHT eta horrelako proiektu txikitzaileetan dirutza xahutzen den bitartean, osasun publikoa berdin jarraitzen du eta guri limosna ziztrin bat eskaini digute", adierazi dute.

Dozenaka lagun bildu dira igande honetan Agurainen, ostalaritzaren alde. / ALEA

 

Aguraingo herriari eskerrak

Igandeko elkarretaratzean, ostalarien aldarriak zabaltzeaz gain, Aguraingo herriari eskerrak emateko baliatu nahi izan zuten; azaldu dutenez, asko izan baitira azken boladan jaso dituzten elkartasun mezu eta keinuak. Horrekin batera, azken hilabeteetan aguraindarrek izandako "jarrera arduratsua" txalotu nahi izan zuten ostalariek: "Batzuk kontrako bertsioa zabaltzeko ahalegina egin dute, jazarpen poliziala justifikatzeko asmoarekin. Horren aurrean argi diogu: mila esker Agurain! Eta laster taberna eta jatetxeetan elkartuko gara".

Halaber, ostalariek elkartasuna helarazi diete "kaleratuak izaten eta egoera gogorrak pasatzen ari diren langile guztiei", horien artean Asparreneko Lyrsa-Derichebourg enpresako langileei. Azkenik, hurrengo egunetan, osasungintzan, hezkuntzan, ostalaritzan eta "edozein herri sektoreren" mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide