Pertsiana jaitsita, konponketa eta garbiketa lan batzuk egiten dabil Iñigo Ortiz Txunbi (Ermua, 1967), Gasteizko Alde Zaharreko Parral tabernan. Ondoren, tabernako langileentzako aldi baterako espedientearen inguruko zalantzak argitu behar ditu aholkulariarekin. Ziurgabetasuna eta kezka nagusi dira ostalarien artean, eta, bidean, joan den asteburuan hiriburuan izan zen manifestazio jendetsua, "bultzada garrantzitsu bat".
Manifestazio zabala izan zen joan den larunbatean ostalariei babesa emateko.
Oso pozik gaude, eta eskertuta. Ez genuen halako jendetzarik espero, egia esan. Kutxiko ostalarien balorazio bilera izan genuen asteartean, eta benetan eskertza hitzak baino ez dira izan. Normaltasun osoz igaro zen manifestazioa, bertaratutako guztien ardura erakutsiz, berriro ere pandemiaren aurrean gure jarduera arduratsua argi utzita. Ekitaldi hau alarma egoera ezarri aurretik deitutakoa zen, ostalaritzari inposatutako baldintzak jada itogarriak zirenean, eta gaur egun eskaera berdinak ditugu. Neurri ekonomiko zehatz, arin eta eraginkorrak behar ditugu.
Ostalarientzako 4.000 euro arteko laguntzak iragarri ditu Eusko Jaurlaritzak, eta aringarri fiskalak aztertzen ari da Arabako Diputazioa.
Itxura ona daukate behintzat, eta pozik egon gaitezke momentuz. Halere, ikusiko dugu horiek laster ematen diren, oraindik maiatzean eta ekainean Lanbiden eskatu genituen laguntzak ez ditugulako jaso. Laguntza hauekin hori bera gertatzen bada, jende askok itxi duenean iritsiko dira. Arin izatea espero dugu, eta bata bestearen osagarri izatea. Estatu mailako eskaerei dagokionez, gizarte-segurantza kentzea espero dugu; une honetan langileen %100a ordaintzen ari gara, eta ez daude lanean.
Sei laguneko taldeak, distantziak, neurri bereziak... Aldaketa ugari izan dituzue aurten, ezta?
Langileen ordutegia lau aldiz aldatu dut. Ziurgabetasun handia izan dugu denbora guztian, eta inprosibatzen egon garen sentsazioa. Orain itxierarekin gaude, baina lehenago astebete iraun zuten neurriekin egon ginen, eta beste hilabete bat beste neurri batzuekin... Zoratzekoa.
Inbertsio handirik egin behar izan duzue?
Ez. Termo bat erosi dugu eta makina bat konpondu behar izan dugu, denbora asko geldi daudenean berriz martxan jartzeko lanak izaten direlako. Baina ez dugu inbertsiorik egin. Krediturik ere ez dugu eskatu, momentuz, baina batek daki.
"Langileen ordutegia lau aldiz aldatu behar izan dut; inprobisatzen ibili garen sentsazioa izan dut"
Nola harrapatu zaituzte itxiera honek? Bazkarietarako produktu asko galduko dituzue?
Ez, oraingoan ondo harrapatu gaitu. Jatetxe begetarianoa daukagu, eta egunean eguneko produktuekin lan egiten dugu, eguneroko barazkiekin, eta ez da galera handirik izan. Aurrekoan bai, handiagoa izan zen.
Bazkaria banatzeko aukera aztertu duzue? Hainbat jatetxe hasi dira horretan.
Bai, pentsatzen ari gara. Zenbakiak egin behar ditugu, eta aldi baterako erregulazio espedientea nolakoa izango den zehaztu. Oraingoz uste dut ez dugula egingo, baina, behar izanez gero, aukera bat izan daiteke. Agian soldata txiki bat ateratzeko modua da.
Garai bateko Parraleko kontzertuak ez dira izango denboraldi batez...
Urte honetan behintzat ez. Asteartero izaten genituen kontzertuak, eta pentsatu dugu horiek eskaintzeko modua zein izan daitekeen, baina ez diogu konponbide errazik ikusten. Badabil jendea horrelakoak antolatzen, baina guk zalantza asko ikusten dizkiogu oraindik. Gure kontzertuak ere ez dira eserita ikusteko modukoak izaten eta... Ea hurrengo urtean berreskuratu ditzakegun.
Bestelako neurririk eskatzen duzue?
Ostalaritzako murrizketa hauek kutsatzeak murrizteko balio badute, isildu egin beharko dugu, baina laguntzekin batera etorri behar dute. Ezin dizut lan erdia kendu ezer ez emateko, edo lan osoa kasu honetan. Autonomook ez dugu ezer, eta gainera ez digute lan egiten uzten.
Zein da inguruko ostalarien aldartea?
Babesgabe sentsazioa izan da orain arte. Manifestazioan ere hala esan genuen. Eusko Jaurlaritzarentzat eta beste gobernuentzat bigarren mailako sektorea gara, beste enpresa handien aldean, eta hori ez da diru-laguntza faltan bakarrik sumatzen; hitzekin ere ikusten da, gure aldeko oso hitz gutxi entzun dira. Eta haserre gaude, duela hainbat hilabete borrokan ari garelako honekin, eta sekulako esfortzuarekin gainera; egin behar ez dugun poliziaren lana egiten ibili gara, eta gure lana biderkatzen; azken batean, zerbitzari lanak izan dira gutxienekoa. Bestalde, eskerrak eman bezeroei, oso ondo portatu dira eta; joan den ostiralean jende ugari etorri zen agurtzera, hileta bat ematen zuen honek.
Egoera honetan, nola eutsiko diote inguruko tabernek?
Hainbatek oso gaizki daramate, eta ezin dute gehiago itxaron. Hemen, Kutxi inguruan, hiru itxi behar izan dituzte martxotik. Eta kontuan hartu garai hartan egoera honi aurre egiteko koltxoi bat genuela askok, eta eutsi egin genion, baina hori ere amaitzen ari da, eta egoera benetan kezkagarria da. Parrali dagokionez, martxora arte primeran ari ginen, hazten, beraz prest heldu ginen lehenengo hilabetea lanik egin gabe egoteko, eta handik aurrera ahal duguna egiten ari gara. Iraila eta urrian martxa hartzen hasi ginen, eta berriro hau... Ez ditugu ahaztu behar, baita ere, gurekin lan egiten duten garbitzaileak, banatzaile desberdinak... ostalaritzak jende ugari mugitzen du, eta denontzat da egoera zaila.