Koronabirusa

Milaka arabar kalean, ostalaritzaren eta sektoreko langileen defentsan

Erredakzioa 2020ko aza. 9a, 12:07

Gasteizko mobilizazio jendetsuaren amaiera, Andre Maria Zuriaren plazan. / HALA BEDI

Milaka pertsona bildu ziren Gasteizko manifestazioan, ostalaritzaren sektorearentzako laguntzak eskatzeko. Arabako beste hainbat herritan ere mobilizazioak egin dituzte; besteak beste, Kanpezun eta Araian.

Alarma egoeran ezarritako neurri berrien testuinguruan, larunbatetik ostalaritzako establezimendu guztiak itxita daude EAEn. Horren aurrean, SOS Ostalaritza plataformak manifestazioak egin ditu asteburu honetan lau hiriburuetan, sektorearentzako laguntzak eskatzeko.

Gasteizko hiriburuan, milaka pertsonak osatutako jende uholde bat abiatu zen Bilbo plazatik larunbateko 17:30ean. Antolatzaileen arabera, 6.000 lagun baino gehiago bildu ziren ostalaritzako sektoreari babesa adierazteko eta premiazko neurrien beharra aldarrikatzeko.

Halaber, mobilizazio gehiago egin dira Arabako kuadrilletan: Kanpezun Mendialdeko ostalariek elkarretaratzea egin zuten larunbatean, eta Araian SOS Ostalaritza zioen pankarta atera zuten larunbatean, kontrol sozialaren aurka eta zerbitzu publikoen alde egindako mobilizazioan.

Mendialdeko ostalarien elkarretaratzea Kanpezun. / MENDIALDEA PRESS

 

Euskal Herriko ostalariek ez dute ulertzen beste sektore batzuen aldean ostalaritzari ezarritako neurri murriztaileen "gogortasuna", eta sektorearentzako laguntza eskatu dute. "Oso kezkatuta gaude osasun neurri berriekin, eta horrek establezimendu asko ixtea ekarriko du. Badakigu osasun egoera larria dela, eta neurriak hartu behar direla", azaldu dute, baina, ohartarazi dutenez, neurriek diru sarreren %60-80 eta %100era arteko beherakada ekarri dute kasu gehienetan. Gainera, larunbatetik aurrera ezarritako erabateko itxierak egoera muturreraino eraman du.

Neurri murriztaile horiek sektorearentzako laguntzekin osagarritzea ezinbestekoa dela uste dute: zehazki, alokairuak eta hipotekak ordaintzeko laguntza plan bat, BEZaren aldi baterako murrizketa, ABLEE egoeran dauden pertsonei unean uneko ordainketa egitea, eta udal tasak jaistea eskatzen dute; besteak beste, zaborra, ura eta terrazak.

Alarma egoeraren testuinguruan erabateko itxiera indarrean dagoen bitartean, ordaintzetik salbuestea eskatu dute; iraganean bezala bestelako murrizketak berriro aplikatuko balira, zergak eta tasak murrizketen ehuneko berean jaistea proposatu dute. 

Araiako elkarretaratzea kontrol sozialaren aurka eta zerbitzu publikoen alde. / IÑIGO LEZA

 

Langileak babesteko neurriak

Enpresa ikuspegitik harago, LAB sindikatuak eskatu du ostalaritzako langileak babesteko ezohiko neurriak ezartzea eta "pandemiak bereziki eragindako jarduera gisa" deklaratzea. Gainera, besteak beste, kaleratzeak debekatzea eta langileen langabeziak osagarritzea eskatu du sindikatuak.

"Erabaki politikoak debeku eta isunak arautzera mugatzen ari dira soilik, inolaz ere ez sektorea babesteko neurrietara". LABek gogor salatu du sektoreak bizi duen "kriminalizazioa", eta atxikimendua adierazi zien mobilizazioei.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago