Zapore oneko eskualdea

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2019ko abu. 20a, 07:00

Idiazabal gazta da Lautadako izarretako bat. ALEA

Amonengandik jasotako ondare gastronomikoa eta tokiko produktu bikainak baliatu dituzte Kuadrillako sukaldariek plater berritzaileak asmatzeko.

 

Egoera guztiz aldatu den arren, janari xumeen inguruko ohiturak bizirik diraute Lautadan. Horrek ez du esan nahi janari elaboratuen zale ez direnik bertan.

Patatak txorixoarekin, babarrunak txerrikiekin, entsaladak, menestra, babak, onddoen arrautzopila, perretxikoak, porruak, patatekin noski, bakailaoa edo beste edozein arrain mota, barraskiloak eta abarrekoak dasta daitezke Lautadan. Baita ehiza ere, dagokion sasoian. 

Horiek dira Lautadako jakiak, "geure amonarengandik jasotakoak eta gaur eguneko sukaldari bikain eta berritzaileek prestatzen dizkigutenak", azaldu dute Lautadako Kuadrillako Turismo arduradunek.

Idiazabal gazta

Orduko gastronomiaren altxorra, gaur egun bezala, gazta zen, mendi zerretan bazkatzen duten ardi latxen esnearekin egindakoa. Lautadako zenbait herritan (Galarretan,  Ilarduian, Eginon…) kokatutako ustiategiek egiten dute zapore eta kalitate bikaineko Idiazabal gazta. Gaztandegi horietako askok jendearentzat bisitak eskaintzen dituzte gastronomia-produktu bikain hori nola egiten den ezagutarazteko, artzainen beraien eskutik. Halaber, bisitariek gazta-dastaketarako hastapen labur bat jasotzen dute, eta jakina, Idiazabal gazta probatzen dute bere zaporearen ñabardurak bereizten ikasteko.

Idiazabal artzain artisau gaztagileen bisitak larunbatero egiten dituzte, 17:00etan. Informazio gehiago nahi izanez gero 945-302931 telefonora deitu behar da.

Ekitaldi gastronomikoak

Hain zuzen, gaztaren inguruan antolatzen du Lautada Bizirik-ACICSA elkarteak Idiazabalen Lautadako Pintxo Lehiaketa, Aste Santuan. Sei egunetan zehar 800 pintxo inguru prestatzen dituzte Kuadrillako sukaldariek taberna eta jatetxe ezberdinetan. Herritarrek eta bisitariek Idiazabal gaztarekin prestatutako pintxoak dastatzeaz gainera, aukera dute hainbat zozketatan parte hartzeko. Artzain-Gazta elkarteak eta Lautadako Kuadrillak merkatarien ekimena babesten dute. Aldi berean, Artisau Azoka ospatzen da herrietan.

Idiazabalen Pintxo Lehiaketa ez da Lautadan gastronomiaren inguruan, ospatzen duten jarduera bakarra. Urria eta abendua bitartean, esate baterako, Jardunaldi Gastronomikoak antolatzen dituzte. Zazpigarren edizioa ospatu da aurten, Mamitsuak! lelopean. 

Lautur-Lautadako Turismoak tokiko produktuen garrantzia azpimarratu nahi du; era berean, eskualdea gehiago ezagutzeko grina piztea dute helburu. Jardunaldietan parte hartzen duten jatetxeek urtero berregiten dituzte euren menuak, erreferentziazko bost produktuak oinarri hartuta: patata, perretxikoak eta onddoak, ehizakiak, ogia eta Idiazabal artzain gazta.

Bestalde, Kuadrillako produktuen inguruko ezagutza zabaltzeko asmoarekin, tokiko elikagaien dastatze-lehiaketa egiten dute hiru hilabetero. Izan ere, Lautadako Landa Garapen elkartea, Lautada bizirik-ACICSA elkartearekin batera, Arabako Lautada Dastatu! izeneko dastatze-lehiaketa antolatzen hasi da aurten. Kuadrillako toki ezberdinetan ospatzen den ekimena da hau, eta tokiko ekoizleen, nekazarien, eta ostalarien lana bultzatzeko asmoarekin sortu dute. Lehenbiziko edizioetan gaztaren, garagardoaren eta belar ekologikoen dastatzeak egin dituzte.

Azoka garrantzitsuak

Gastronomiarekin lotura zuzena dute Kuadrillan antolatzen diren azokek, eta horien artean inportanteena Aguraingo Abere Azoka da. Urriaren lehenengo astean ospatzen dute, eta 1395ean du jatorria. Mekanizazioaren ondoren, abereen eta nekazaritzako tresnen erakustaldi bilakatu da. Abere eta gazta lehiaketak egiten dira bertan, artisauen azoka egoten da eta bertako produktuen salmenta.

 

Erlazionatuak

Henaioko kastrora txangoak merezi du

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2018 abu 23 Lautada   Dulantzi

Eskualdeko etnografia, Zalduondon

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2018 abu 23 Lautada   Zalduondo

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago