Gipuzkoar asko oraindik jabetu ez badira ere, Gasteiz hiriak aspaldi utzi zion Bitorixa izateari. Arabako hiriburua, izan ere, Euskal Herriko bigarren gunerik populatuena izateaz gain, azken hiru hamarkadetan eraldaketa sakonak —soziologikoak, kulturalak, demografikoak, politikoak eta ekonomikoak— izan dituen hiri anitz eta zabala da.
"Donostiaren atzetik, euskara gehien entzuten den hiriburua Gasteiz da. Urterik urte, euskal kulturak eta euskalgintzak pauso sendoak eman ditu"
Soziolinguistika Klusterrak maiatzean emandako azken datuen arabera, Donostiaren atzetik (%15,3), euskara gehien entzuten den hiriburua Gasteiz da (%4,1), Bilboren (%3,5), Iruñearen (%2,7) eta Baionaren (%2,5) gainetik. Urterik urte, euskal kulturak eta euskalgintzak pauso sendoak eman ditu, behetik gora beti, agintari politikoen zain egon gabe.
Eragozpen, estereotipo eta gutxiespen franko gainditu behar izan ditugu iritsi garen tokira iritsi ahal izateko. Euskalgintzak eta euskal kulturak bizi duen unea ulertezina litzateke zenbait herri mugimenduk, elkartek, erakundek eta norbanakok azken hamarkadotan egin duten lana aintzat hartu gabe. Horra hor, esaterako, GEU elkarteak izan duen eraldaketa, ALEA aldizkari euskaldunaren errealitatea eta Oihaneder Euskararen Etxeak hauspotutako hainbat ekitaldi, deialdi eta ekimen arrakastatsuak.
Testuinguru horretan, bereziki ilusionagarria izan da Lazarraga Kultur Elkarteak azken hamar urteotan bultzatu duen Gasteiz Antzokiaren proposamena. Gorabehera askoren ondoren, egitasmoa egia bihurtuko da abenduan edo 2023aren hasieran. Kulturgune berria Ruiz de Bergara Jauregian kokatuko da, Gasteizko muinoaren magalean, Zapatari eta Errementari kaleen artean. Albiste ederra izango da, euskalgintzak egindako lan sendoaren beste lore bat.
"Euskalgintzak eta euskal kulturak bizi duen unea ulertezina litzateke zenbait herri mugimenduk, elkartek, erakundek eta norbanakok azken hamarkadotan egin duten lana aintzat hartu gabe"
Kulturgune berriaren sorreraren erabaki formala Gasteizko Udalak hartu bazuen ere, egitasmoaren ekimena, dinamizazioa, bultzada eta sozializazioa Lazarraga Kultur Elkarteak egin du beti. Beti da beti. Udalak dirua jarri du (2,9 milioi euro). Euskalgintzak materia gris osoa, hasiera-hasieratik.
Ruiz de Bergara Jauregiko obrak oso aurreratuta zeudela ikusita, Lazarraga Kultur Elkarteak izen bereko fundazioa osatu eta bere kideen artean prozesu parte-hartzailea abiatu zuen, besteak beste, azpiegitura berri horren izena Udalari proposatzeko. Izen bat hautatu zen. Azken erabakia hartu artean (fundazioko ordezkariek alkatetzarekin bildu behar zuten eta), proposamen hori publikoki ez zabaltzea adostu zen, eta horrela izan da.
Sorpresa maiatzaren 27an etorri zen, 08:00etan. Radio Vitoriak goizeko albistegia berri honekin ireki zuen: "Gasteiz Antzokia Izaskun Arrue kulturunea deituko da". Fundazioko kide gehienok harri eta zur geratu ginen, hori ez baitzen Udalari helarazi zitzaion proposamena. Alkatetzak, era horretan, "Gasteizko lehen andereñoa" —gerora Olabide Ikastolan ibilitakoa— omendu nahi zuen.
"Albistegietan ez dute esan, ordea, Arrue euskara batuaren kontrako militante sutsua izan zela"
Izaskun Arruek, eta beste hainbatek, diktaduraren garai zailetan lan itzela egin zuten euskararen alde Gasteizen. Udalak berak horrela aitortu zion 2016ko abenduaren 3an egindako omenaldi publikoan (emakumea aurreko hilabetean zendu zen). Albistegietan ez dute esan, ordea, Arrue euskara batuaren kontrako militante sutsua izan zela. Izan ere, Olabide Ikastolak batuaren aldeko hautua egin eta gero, Arruek ikastetxea uztea erabaki zuen 1973an. Horrela aitortu zion Miel Anjel Elustondori 2004an ARGIAn egindako elkarrizketa mamitsuan. Arrueren ustez h-aren erabilera asmakizun hutsa zen. Ez zegoen inolaz ere justifikatuta. Hauexek bere hitzak: "Hatxea? Eta hori jarrita zer konpontzen dugu? [...] Ni batuaren kontrakoa naiz, porrokatua. Orduan, eta orain ere bai". Harrezkero, erizain lanak bete zituen goizez, eta helduei euskarazko eskolak emanez segitu zuen batean eta bestean, batuak atzetik harrapatu zuen arte.
Gorka Urtaran alkateak hartutako erabakiak harridura eta sumindura piztu du Gasteizko hainbat euskaltzaleren artean: erabakia aldebakarrez hartu du, egitasmoa diseinatu, sustatu, hauspotu eta gorpuztu duen kolektiboari bizkarra eman dio, eta azpiegitura honi izena emateko hautatu duen pertsonaren profila eztabaidagarria oso da. Gorka Urtaran Gasteizek izan duen lehen alkate euskalduna da, eta hori oso zorionekoa da. Berak euskara batua ikasi zuen. Ederki egiten du, gainera.
"Azpiegitura honi izena emateko hautatu duen pertsonaren profila eztabaidagarria oso da"
Euskara batua sektore batzuen aldetik ezbaian jartzen den une honetan, Urtaran jaunari Ramon Saizarbitoria idazleak esan berri duena (BERRIAn, hilaren 4an) gogoraraziko nioke: "[Batuaren inguruan] lortu zen oso ikuspegi desberdineko jendea ados jartzea. Niretzat hura izan zen euskararen salbazioa, eta uste dut orain zentzua galdu egin dela. Eta ulertzen dut, euskara batua da normala, baina ulertu behar dugu euskara batutik kanpo ez dagoela etorkizunik euskararentzat, eta oso gai serioa dela: ezin dugu berriro 1968ra bueltatu gai horretan".
Benetan ulertezina da Urtaran jaunak hartutako erabakia. Hau al da Gasteizko alkateak auzolana eta elkarlana ulertzeko duen era? Gasteiz Antzokia sortzeko erabakia ez zuen alkateak hartu, udal talde politiko gehienek adostu zuten. Ruiz de Bergara Jauregia birgaitzeko erabilitako 2,9 milioi euro horiek ez dira Urtaranenak, gasteiztar guztionak dira. Agian ahaztu al zaio nola iritsi zen bera alkatetzara 2015ean udal hauteskundeetan EAJ hirugarren indar politikoa izanda? EH Bilduk eta Elkarrekin-Podemosek berari eman zioten botoa. Ez PSEk, ezta PPk ere.
"Hau al da Gasteizko alkateak auzolana eta elkarlana ulertzeko duen era?"
Garaiz gaude. Antzoki berria oraindik ez da inauguratu. Hilabete batzuk falta dira. Lazarraga Fundazioaren talde eragileak, alkatearen erabakia jakin eta gero ateratako ohar diplomatikoan, dio "izenari baino gehiago izanari" erreparatu behar zaiola eta aurrera egin behar dugula. Ados. Baina ez ahaztu: izena duen orok du izana. Eta kasu honetan, eraikin berriak Izaskun Arrueren izena hartzen badu, Gasteizko euskaltzale askorentzat Urtaran Antzokia bezala geratuko da. Lastima litzateke. Hainbesteko ikusmina piztu duen ekimenak izen inklusiboagoa merezi du. Ongi abiatzeko eta susmoak saihesteko. Horregatik, Lazarraga Fundazioko kide xumea naizen aldetik, Urtaran jaunari hauxe eskatuko nioke: harmoniaren alde egin dezala; birpentsatu dezala izen berria, eta ekimena bultzatu dutenekin ados dezala. Denok irabaziko dugu eta.
Iritzi artikulu hau BERRIAk argitaratu du, eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu osorik ikusgai.