Gasteizko euskaltzaleek lanean jarraitzen dute Ruiz de Bergara Jauregian datozen hilabeteetan jaioko den kultur egitasmoa martxan jartzeko, eta duela egun batzuk Izaskun Arrue Kulturunea izena hartuko duela jakinarazi zuen Udalak, 60. hamarkadan, Frankismo betean, bere etxean euskara eskolak ematen hasi zen andereñoa omentzeko asmoz.
"Urrats berriak Gasteizen, kulturgune euskaltzalea lortzeko bidean". Horrela baloratu du Lazarraga Kultur Elkarteak Udalaren iragarpena, baina, aldi berean, izena erabakitzeko modua kritikatu du: "Elkarteko kideek beste izen bat proposatu zuten kulturgune berrirako, baina Gasteizko Udalak, hainbat arrazoi tarteko, ez du aintzat hartu egindako proposamena", azaldu dute.
"Elkarte honetan, izenari baino, izanari erreparatu nahi izan denez beti, bide horretatik jarraituko dute aurrerantzean ere Gasteizko euskaltzaleek, hirian euskararen normalizazioan kulturaren esparrutik eragiteko asmotan eta proiektu sendo baten oinarriak lantzen", argi utzi dute. "Badago izena, eta hurrengo hilabeteetan ekingo zaio izana hezurmamituko duen ezaugarriak zehazteari".
"Duela hamar urte hasitako lana hurrengo hilabeteetan murgilduko da eremu berrietan. Gasteizen nahi eta behar den kultur egitasmo euskaltzale eraginkorra martxan jartzeko izatea nahiko genuke", aldarrikatu du Lazarraga Elkarteak.
Izaskun Arrueri omenaldia
Ikastolen mugimenduaren bultzatzaile handienetakoa izan zen 2016an hildako Izaskun Arrue. 1927an Nafarroan jaiotakoa, Lezaeta herrian eman zituen lehen eskolak. 1960an Gasteizera joan zen, eta hiru urte ondoren hasi zen lehen eskolak ematen, bere etxean bertan. 1967. urterako, zenbait laguntzailerekin, 80 bat ikasleri klaseak ematen zizkien, alokatutako etxe batean. Ogibidez erizaina bazen ere, jardun hori eta irakaskuntzarena tartekatzen zuen.