Ruiz de Bergara jauregian eraikitzen ari den Gasteiz Antzokiak Izaskun Arrue Kulturunea izango du izena, Radio Vitoriak aurreratutako informazio baten arabera.
Izendapen horrekin, Gasteizko euskalduntze prozesuan aitzindari izan zen Izaskun Arrue euskaltzalea omendu nahi du udalak.
Arrue ikastolen mugimenduaren bultzatzaile handienetakoa izan zen. 1927an Nafarroan jaiotakoa, Lezaeta herrian eman zituen lehen eskolak. 1960ean Gasteizera joan zen, eta hiru urte ondoren hasi zen lehen eskolak ematen, bere etxean bertan. 1967. urterako, zenbait laguntzailerekin, 80 bat ikasleri klaseak ematen zizkien, alokatutako etxe batean. Ogibidez erizaina bazen ere, jardun hori eta irakaskuntzarena tartekatzen zuen. 2016an hil zen.