Urratsez urrats, aurrera doa Gasteiz Antzokiaren eta Euskararen Etxearen proiektua; baita Ruiz de Bergaratarren jauregia birgaitzeko lanak ere. Testuinguru horretan, Lazarraga Kultur Elkartearekin duen lankidetza hitzarmena zabaldu du Gasteizko Udalak, elkarteak bere gain har dezan 2022an Gasteiz Antzokia martxan jartzeko ardura.
Elkarteak landu eta definituko ditu bertan garatuko den kultura programaren ildoak. Horrekin batera, kultur jarduerak zein ekintzak planifikatu eta programatuko ditu, baita komunikazio plan integrala landu eta proiektua kudeatu ere.
Udalak 43.000 euro gehiago eskainiko dizkio 215.000 euroko hasierako kontratuari, udal gobernuak Elkarrekin taldearekin aurrekontuen inguruan lortutako akordioari esker.
"Beste pauso bat da Gasteiz Antzokia martxan jartzera begira. Euskararentzako espazio bat. Euskarazko kultur sorkuntza eta aisialdirako elkargune bat", ospatu du Estibaliz Canto Kultura zinegotziak, prentsaurrean. "Edukitzailea prest izaten saiatzen garen bitartean, edukia planifikatu beharra daukagu. Eta horretan ari gara". Berarekin izan da Gema Zubiaurre Elkarrekin taldeko zinegotzia: "Lazarraga Kultur Elkartearekiko hitzarmena zabalduz, aurrera egiten jarraitu ahal izango dugu, Gasteiz Antzokia errealitate bihur dadin eta Gasteizek gure hizkuntzaren sustapenean aitzindari izango den espazio bat izan dezan", adierazi du.
Euskararen Etxea 2014az geroztik dago Montehermoso kulturunean kokatuta, eta bertan garatu da orain arte Lazarraga Kultur Elkartearen kultur programa egonkorra: musika, erakusketak, ikastaroak, proiekzioak, deialdiak eta bestelako jarduera asko antolatu dituzte urteotan. 2022an, Gasteiz Antzokia zabaltzen denean, bertara mugituko da egitasmoa.
Errealitate bat 2022rako
Aurtengo otsailaren 4an hasi ziren Ruiz de Bergaratarren jauregian Gasteizko Antzokia eta Euskararen Etxea sortzeko lanak, 2,6 milioi euroko aurrekontuarekin. Obra osoa 18 hilabeteko epean gauzatu beharrekoa da (egiturazko lanak gauzatzeko epea lau hilabetekoa), eta oraingoz bost hilabete igaro dira. Aurreikuspenen arabera, 2022an zehar irekiko dituzte ateak.
Jatorri errenazentistako XVI. mendeko Ruiz de Bergaratarren jauregiko obrak Zikotz S.A enpresa esleipendunak egingo ditu, eta dagoeneko obra "potoloenak" egin dituzte: egitura, isolamendua eta beste moldaketa batzuk.
Eraikineko lau solairu egokituko dira eta sarbideak izango ditu Zapatari eta Errementari kaleetatik. Horrez gain, edukiera handiko areto nagusia eta kultur sorkuntzarako zein lanerako espazio moldagarriak ere izango dira.
Aurreproiektutik, proiektua gauzatzera
Eraikinaren azken zaharberritzea egin zuen arkitektura estudioarekin, ekimena bultzatu duten euskaltzale taldeekin eta udal zerbitzu teknikoekin batera Udalak landutako aurreproiektuan oinarrituta dago Gasteiz Antzokia.
Lazarraga Kultur Elkarteak definitu eta Euskara Elkarguneak landutako beharren programa jasotzen du aurreproiektuak. Horren arabera, Gasteiz Antzokiak eta Euskararen Etxeak 1.376 metro koadro izango dituzte guztira, lau solairutan banatuta.
Espazio moldagarriak proposatu dituzte, kultur jarduerak, kontzertuak, antzerki emanaldiak edo bestelako ikuskizunak egiteko. Gainera, taberna bat ere aurreikusi da.
Zikotz SA enpresa esleipendunak lan ezberdinak aurrera ateratzeko ardura izango du. Obra gauzatzeko 18 hilabeteko epea izango du enpresak.
Gasteiz Antzokia, elkartzeko gunea
Gasteiz Antzokia eta Euskararen Etxea bereiztuko ditu higiezinaren konfigurazioak.
Euskararen Etxeak Errementari kaletik izango du sarbide nagusia, eta beheko solairua, bigarrena eta hirugarrena hartuko ditu. Gasteiz Antzokia bigarren solairuarekin lotuta egon arren, funtsean lehen solairua hartuko du.
Gasteiz Antzokiko sarreran, 69 metro koadroko taberna bat egongo da, 10 metro karratuko sukaldea izango duena.
Ondoren, Antzokiaren areto nagusia egongo da: 166 metro koadroko espazioa, bi solairuko altuerarekin. Espazio honek mota askotako ikuskizunak hartzea ahalbidetuko du. Gehienez -zutik- 507 pertsonako aforoa izango du eta ez du agertokirik izango. Bestalde, antzerki emanaldietarako edo bestelako ekitaldietarako, 151 pertsona esertzeko lekua egokitzea aurreikusi da.
Eserita ikusteko kontzertuetan, 90 pertsonarentzako lekua egongo da. Halaber, jantoki gisa ere erabili ahal izango da, eta kasu horretan, 170 pertsonarentzako lekua izango du aretoak. Hala ere, agertokia bigarren solairutik ere ikusi ahal izango da. Guztira 353 metro koadro izango ditu beheko solairuak.
Euskararen Etxea, lanerako espazioa
Beheko solairuan egongo da Euskararen Etxearen sarbide naturala, Errementari kaletik.
192 metro koadroko azalera erabilgarria eta 127 pertsonarentzako lekua izango du guztira. Erakusketak, hitzaldiak edo proiekzioak egin ahal izateko funtzio anitzeko areto bat egokituko da bertan. Gainera, proiekzio eta itzulpen kabinak, biltegiak, komunak eta aldagelak ere aurreikusi dira. Aipatu bezala, Gasteiz Antzokiaren areto nagusian egiten diren ikuskizunak ikusteko "balkoitzat" erabili ahal izango dela azaldu dute.
Bigarren eta hirugarren solairuetara igotzeko eskailera eta igogailua egongo dira. 260 metro koadroko azalera erabilgarria izango du bigarren solairuak. Bertan lantegiak, komunak eta lanerako beste espazio batzuk kokatuko dira.
Azkenik, hirugarren solairua jauregiko leku argitsuena izango da, 269 metro karraturekin. Patio nagusia estaltzeaz gain, lanerako guneak ere izango dira bertan, izan ere, hiru bilera-gela kristaldun, lantegi bat eta instalazio-gela egongo dira.