alea.eus

Araba: Berdinketen lurraldean EAJk irabazi du

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Larrañaga 2016-09-26 15:23   Iritzia

Irailaren 25eko emaitzak barruti bakarrean zenbatuko balira parlamentari bakarra aldatuko zatekeela. PPk bat gutxiago luke, EAJk bat gehiago. Hor hasi eta bukatzen da Arabaren gainordezkaritzaren efektu praktikoa.

Gutxi aipatu da, baina Arabatik lerroburu nagusi bat dator. Gasteizko legebiltzarrak muturreko unionismoaren ordezkaria galdu du. Azken bi legegintzaldietan UPyD eta Gorka Maneirok suposatu duten bitxikeria desagertu egin da, Ciudadanosek ez duelako –600 botogatik– erreleboa hartu. Albert Riverak ez du berriz Gasteiz zapalduko.

Iñigo Urkullu buru duen zerrendak botoen %28 jaso du Araban, 2012an baino 2.000 boto gehiago eskuratuta eta zortzi parlamentari. Hor gainontzekoetatik nabarmendu egin da EAJ, ohiko berdinketa arabarrean. Oreka baita Arabaren ezaugarria. Hori demostratzeko bi datu: EAJk azken indarra izan diren sozialisten botoen bikoitza lortu du. Gainontzeko lurraldeetan irabazleak barrenekoari lauzpabost biderreko aldea atera dio. 7.000 botoren gorabeheran pilatu dira PP, EH Bildu, Elkarrekin Ahal Dugu eta PSE, hurrenez hurren.

EAJk lurraldearen mapa berdetu du. Arabako Errioxako hainbat udalerritan aurre hartu dio PPri. Beste hainbeste egin dio EH Bilduri lautadan. PSEren babeslekuak ere desagertu ditu. Arabak abertzaletasun moderatura egin du hauteskunde hauetan.

Hauteskunde hauetan berriak izanagatik, ezin dira pozik agertu Elkarrekin Ahal Dugun. Araban garaile izan ziren Espainiako azken bi bozetan, eta botoen erdiak galduta, orain laugarren indarra izatera pasa dira. Ilusioaren eta boto baliagarriaren galerak kondenatu du Pablo Iglesiasen alderdia.

Alderdi moretik EH Bildura itzuli dira milaka batzuk, baina ez denak. Bost legebiltzarkide lortzeko adina. Emaitzak ontzat jo baditzakete ere, koalizioak ordezkari bat galdu du lurraldean, eta 2012ko botoen ia laurdena. Espainiako bozekin konparatuta berreskurapena azpimarratzekoa da, 15.841 bototik 26.803 izatera.

PPk beherakada txikia izan du 2012tik, eta eutsi dio ordezkaritzari. Araban lortu ditu bost, EAEn guztira dituen bederatzien artean. Gasteiz eta Araba dute EAEko gotorleku, ikusi besterik ez dago nola kanpainaren zati handia lurraldeari eskaintzen dion. Baina ez da, aurreiritzien aurka, inondik inora Araban nagusi. 2011ko Madrilekoetatik ez du irabazi.

Gipuzkoan eta Bizkaian bezala, okerren atera dena PSE, ordezkarien erdiak eta botoen herena galduta. Arabako mapan nabarmentzen ziren bi udalerri gorri, Eltziego eta Iruña Oka, berde ilun bihurtu dira. Noraezak jota, jeltzaleen altzoan biziraun ala suspertzeko neurriak hartzea dagokie.

 

(Albiste honen jatorrizko bertsioa Argia.eus webgunean argitaratu da eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra)

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa