Gurasoei eskola jantokiez arduratzeko aukera emango die Jaurlaritzak

Erabiltzailearen aurpegia Maite Asensio Lozano 2019ko urt. 11a, 09:33

Jangelen jardun osoa kudeatu beharko lukete guraso elkarteek, kontratazioak barne. EHIGE ez dago ados: ikastetxeen esku egon beharko litzatekeela uste du.

Eskoletako jantokiak kudeatzeko eredua moldatzeko asmoa du Eusko Jaurlaritzak: zerbitzua zuzenean kudeatzeko aukera emango die guraso elkarteei. Atzo eman zuen erabakiaren berri Hezkuntza Sailak, eskola jantokien jarraipen batzordea bildu eta gero. Datorren ikasturtean jarriko dute indarrean neurria; diruz lagunduko dituzte halako egitasmoak.

Orain arte, lehiaketa publiko bidez kudeatu izan ditu Jaurlaritzak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxe publikoetako jantokiak: catering enpresei esleitu die zerbitzua, lau urteko epeetarako. Hezkuntza eragileek aspaldi eskatu zioten gobernuari eredua aldatzeko, egungo funtzionamenduak eragin duelakoan eskoletako sukaldeak «desagertzea» eta ikasleen elikadura «komunitatetik urruntzea», besteak beste.

Irailetik aurrera, beraz, beste aukera bat jarriko du mahai gainean Cristina Uriarteren sailak: ikastetxe bakoitzak bere jangela kudeatu ahal izango du, erabakiak ordezkaritza organoen adostasuna badu; zuzendaritzak eta gurasoek ez ezik, langileek eta udalak ere bat etorri beharko dute, eta, Bigarren Hezkuntzako zentroetan, ikasleek ere bai. Baina ikastetxeek ez, baizik eta guraso elkarteek hartu beharko dute prozesua kudeatzeko ardura. Hau da, jantokien jardun osoa bideratuko dute: sukaldeko langileak kontratatu, elikagaiak eskuratu, jakien segurtasuna baieztatu... Jaurlaritzak iragarri du diru laguntza sail bat jarriko duela halako proiektuak «errazteko».

Eta eragile guztiak ez daude ados ikuspegi horrekin. EHIGE gurasoen elkarteko koordinatzaile Lurdes Imazek behin-behinean egindako balorazioaren arabera, «atzerapausoak» ekarriko ditu neurriak. Hain justu, jangelen kudeaketa ikastetxeek hartzeko eskatua zioten eragileek Jaurlaritzari: «Guraso elkarteak ezin dira ibili sukaldeko langileak kontratatzen; departamentuaren langileak izan behar dira». Gogora ekarri du, gainera, diru laguntzak sarri atzeratu egiten direla, eta ez dela erraza halako egitasmoak horrela abiatzea: «Ez dugu uste inor sartuko denik hor, eta guk ez dugu gomendatuko». Aldaketa handiagoa galdegin du: «Eredu berri bat».

 

Albiste hau Berria.eus-ek argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea eta informazio osatuagoa hemen duzu ikusgai.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago