Oso harrera ona izan du Kanpezuko Mendialdea IPI ikastetxeko guraso elkarteak, pasa den ikasturte erdialdean, proposatutako hamarretakoa. Ikasle bakoitzak etxetik nahi duena eraman beharrean, jolastoki orduetan guztiek berdina jatea da helburua; asteko hiru egunetan fruta, eta gainerako bietan ogia olio ekologikoarekin edo gazta dute eskura umeek.
Guraso elkarteko Maite Fernandez Melerok gogoratu du urteak daramatzatela jantokiaren kudeaketa aldatu nahian. Menuak bertako, sasoiko eta ekologikoak diren produktuekin osatzea eskatu diote behin baino gehiagotan Jaurlaritzari. "Erantzun hori heltzen den bitartean, umeen hamarretakoa osasunagoa izatea pentsatu genuen iaz; zuzendaritzak begi onez ikusi zuen proposamena. Otsailean jarri genuen martxan hamaiketako berria", azaldu du. Ekainera bitartean, guraso elkarteak hartu zuen gastua. Kalkulua egin eta ikasturte berriari begira, ikasle bakoitzak hilero hiru euro ordaintzea adostu dute.
Bertako komertzioen alde
Nabarmendu du neurri berri honek hiru helburu nagusi dituela. Alde batetik, haurren artean produktu industrialak saihestea, osasunagoak diren beste batzuengatik ordezkatuz. Bestetik, egon daitezkeen inbidia eta diskriminazio kasuak ere ekidin nahi dituzte, ikasle guztiek berdina janez. Azkenik, inguruko komertzioei ere lagundu nahi diete, eskaerak horietan eginez.
Azken horren harira, honakoa adierazi du Fernandez Melerok: "Fruta eta olio ekologikoa Kanpezuko Erosleeta Nueva Dendan erosten ditugu; hilero toki batean egiten dugu. Ogia Kanpezu, Maeztu eta Bernedokoa da, eta ogi opilak, Azazetakoak. Gazta, berriz, Donebikendi Haranekoa da". Gaineratu du umeak aspertu ez daitezen, hamarretakoa aldatzen joaten direla; hala, laster, halal-hestebetea jango dute hilean behin haurrek.