Kuadrillako eskoletako jantokietan seme-alabek hartzen dituzten jakien inguruan hausnartu nahi duten lagunek hitzordua dute larunbat honetan Maeztuko udaletxean, 11:00etan. "Beste jantoki eredu bat posible da. Gure lurretatik gure eskoletara" izeneko jardunaldiak antolatu dituzte Maeztuko eta Kanpezuko eskoletako gurasoen elkarteek eta bi udalek. Solasaldian parte hartuko dute Eneko Viñuela Gure Platera Gure Aukera ekimeneko koordinatzaileak eta Dabid Zelaia Gernikako Allende Salazar eskolako gurasoen elkarteko kideak.
Jardunaldien antolatzaileek azaldu dutenez, Maeztuko herri eskolan 73 haur daude, haur hezkuntzan eta lehen hezkuntzan. Jantokiak sukaldea dauka eta egunero enpresa batek 51 menu zerbitzatzen ditu. Maeztuko gurasoen elkartetik urteak daramatzate beraien seme-alabek jaten dituzten elikagaien kalitatea hobetu nahian.
Kanpezuko eskolan ere jantokia eta sukaldea daukate. Bertako eskolara 179 haur doaz eta 160 menu zerbitzatzen dituzte egunero. Bertako gurasoek ere ardura bera daukate.
Bertoko elikagaiak
Gurasoen elkarte biak gai honen inguruko sentsibilizazio lanetan elkar lanean jarri dira (Gernikako eskolako jantokia eredutzat hartuta), eta manifestu bat sinatu nahi dute beraien seme-alaben elikaduraren kontrola berreskuratu ahal izateko.
Arraia-Maeztuko Udalak mozio bat onartu zuen udalerriko jantoki desberdinetan ere bertoko eta elikagai ekologikoak sartzeko aukera ikertzeko. Orain dela gutxi, Kanpezuko Udalak ere antzeko mozio bat onartu zuen elikagaien inguruan.