Gaur egungo eskola jantokien kudeaketa eredua aldatzeko aldarrikapen berriarekin hasi dute ikasturtea Kanpezuko Mendialdea ikastetxean. Hain justu ere, Magui enpresak eskainitako ohiko menuari uko egin, eta zuzendaritza eta irakasleen partaidetzarekin ikasturteko lehen eguneko menua prestatu eta zerbitzatu zuen guraso talde batek.
Ez da ikastetxeetako jantokien kudeaketarekin lotuta eskualdean egin duten lehen ekimena. Nagore Diaz de Zeriok gogoratu du batzorde bat dutela, Mendialdeko Kuadrillako, Maeztu eta Kanpezuko Udaletako eta bi herrietako ikastetxeetako guraso elkarteetako ordezkariekin osatuta dagoena. Gaur egungo ereduaren aldaketa bilatzen du; zehazki, menuak bertako, sasoiko eta ekologikoak diren produktuekin ikastetxeetan bertan osatzea eskatu diote behin baino gehiagotan Eusko Jaurlaritzari.
Hamarretako osasuntsua
Azken horren erantzuna heltzen den bitartean, Maeztu zein Santikurutze Kanpezuko ikasleek hamarretako osasuntsua egiten dute. Bakoitzak etxetik nahi zuena eraman beharrean, jolastoki orduetan guztiek berdina jateari ekin zioten orain dela bi urte Kanpezuko ikastetxean; Maeztun mantsoago dabiltza ekimen horrekin.
Diaz de Zeriok azaldu du bertan ekoiztu edo erositako produktuak erabiltzen direla horretarako: asteko hiru egunetan sasoiko fruta jaten dute neska-mutikoek, eta gainerako bietan, berriz, ogia olio edo tomate ekologikoarekin, gazta edo fruitu lehorrak. Ikasturte honetan marmelada ere dastatu ahal izango dutela gaineratu du esandako gurasoak.