Zortzi ikastola gara Araban Ikastolen Elkartearen baitan bildurik 2023ko Araba Euskaraz jaiari ekin diogunak: Gasteiz, Agurain, Argantzon, Amurrio, Laudio, Bastida, Oion eta Lapueblan. Elkarrekin jardun dugu auzolana eta elkarlana ardatz hartuta, gure jakintza elkarbanatu eta gure harremana aberastuz. Hemen gaude berriro, ikastolen ereduari eta euskarari bultzada emateko prest, aurretik beste askok egin bezala. Ekainaren 11n, euskarari eta euskal kulturari agertoki haundi bat eskaini diogu. Ikastolek bezalaxe, euskarak ere behar duelako Araba Euskarazen bozgorailua, ozen entzun dadin; euskal kulturak behar duelako Araba Euskarazen agertokia, ikusia eta entzuna izan dadin; arabarrok ere behar dugulako Araba Euskarazen topagunea euskaraz bizi gaitezen.
Urte osoko Araba Euskaraz
-Ekin hitza da aurtengo jaiaren leloa. Ekinaren ekinez iritsi delako Araba Euskaraz gaurdaino, ekin eta ekin, elkarrekin batera, jaia eta aldarria aurrera eramateko. Bide horretan, jai euskaltzalea gure herrialdeko ia bazter guztietara eramaten saiatu gara beste behin ere. Kalejira erraldoi batekin piztu genuen jairako suziria Agurainen, iazko azaroan. GO!azenen emanaldi bikoitzarekin eman genion segida Gasteizen urtarrilean. Otsaila eta martxoa bitartean, urtero Euskal Herriko ikastoletatik bidaiatzen duen liburua iritsi zen Laudio, Agurain eta Amurriora euskarazko sormenarekin esperimentatuz munduratzen ari garela erakusteko. Martxoan munduari bira osoa eman genion pausoz pauso Laudiotik Laudiora. Pilotari profesionalekin topaketa izan genuen Agurainen eta munduko kirol azkarrenaren zirraraz gozatu genuen Gasteizko Olabe pilotalekuan, Jai Alai puntista izarrekin, Winter Series desafioak medio. Apirilean zortzi ikastolok martxan jarri ginen 7 kilometro banako hiru ibilbide oinez burutzeko Agurain, Amurrio eta Oionen. Maiatzean, dantzaren adierazpideak jendea batzeko gaitasunaz baliatuta, Euskal Herri luze-zabaleko tradiziozko dantzak zein modernoak Aguraingo alde zaharreko kale eta plazak hartu zituzten; Ondarroa, Baiona, Urretxu, Atarrabia eta Aguraingo dantzariez. Jai haundiaren aurre-ekitaldiekin amaitzeko, Agurainen, Jon Maiaren Kantu bat gara bira arrakastatsuaren Arabako emanaldi bakarrean, emozioz abestu genuen euskara defendatu eta hedatzeko lehen lerroan gaudela hemen. Eskerrik asko bihotzetik Araba Euskaraz urtea jada mamiz bete duzuon guztioi.
Garai interesgarriak
Olarizun, ekainaren 11n, ez da ezer bukatzen. Ikastolek gure hezkuntza eredua ez genuen sortu euskarak irauteko soilik; euskararen egoera irauli, euskaraz egin eta euskaraz eragiteko jaio ginen eta horrela dihardugu egun ere ekinaren ekinez, tokian-tokiko oztopo legal zein mugaz gaindi, Ebrotik Atturrira. Arabako ikastolek gure prestutasuna berresten dugu Euskal Herrian zehar hezkuntza sistema propioa gorpuzten lanean jarraitzeko, inoren kontra, guztion alde, kalitatezko hezkuntza eredu moderno, eraldatzaile, kohesionatzaile eta euskaldunaren bidean. Hori da Arabako zortzi ikastolon ortzi-muga Euskal Herriko gainontzeko ikastolekin batera, eta bide malkartsu honetan ortzi-muga bera duen inor ez dago soberan, eragile, instituzio zein norbanako izan.
Guztion eskuzabaltasunarekin egingo dugu bidea, bakarrik ezin delako. Sinistuta gaude Euskal Herriko hezkuntza zein bestelako gizarte eragileen gaitasunean eta konpromisoan. Horregatik, erreparatu diezaiogun batzen gaituenari eta egin dezagun bidea hortik abiatuz.
Benetan Euskal Hezkuntza Sistema berri batean sinisten badugu, batu gaitezen denok, hartu dezagun esperientzia ezberdinetatik onena etorkizuneko Euskal Herriari ateak irekita uzteko. Bazatoz? Badugu zeri Ekin.
Unai Mendizabal, Arabako Ikastolen Lehendakaria
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.