Auzoa saltzen ari zarete, aski da espekulatzaileei mesede egiteaz!

Erabiltzailearen aurpegia Talka Espazio Feminista 2020ko uzt. 21a, 12:40

Maiatzaren 15ean, Talkaren desalojoa salatu zuten Gasteizko udaletxearen aurrean. / ALEA

"Udalak 79.000 euro ordaindu zituen lau lokalengatik, eta horietako batzuk Adolfo Dominguezen eskuetan amaitu zuten; egun, ez dakigu zenbat. Gainera, salerosketa publikoa izan arren, ez da Aldizkari Ofizialean (ALHAO) azaltzen".

2019ko abenduan, hamarkada bat baino gehiago hutsik zeraman lokala okupatu genuen, Hedegile kaleko 33. zenbakikoa, hain zuzen ere. Desalojotik hiru hilabete pasa diren honetan, gogora ekarri nahi dugu lokal hau aukeratu izana ez zela kasualitate hutsa izan. Izan ere, lokal horrekin eta beste hainbatekin Udalak baimendu dituen ustelkeria, espekulazioa eta gentrifikazioa salatu nahi izan ditugu.

"Udalak baimendu dituen ustelkeria, espekulazioa eta gentrifikazioa salatu nahi izan ditugu"

Badakigu lokal hori Adolfo Dominguezen denda bat izan zela, eta multinazional horren hasierako asmoa Hedegile kalean sei denda zabaltzea zela, azkenean bakarrik bi zabaldu zituen arren. Kale horretan lokal huts ugari daudela ere badakigu, eta baita 90. hamarkadan Gasteizko Udalak Alde Zaharreko hainbat eta hainbat etxebizitzen desjabetzeari ekin ziola ere; bizilagunei merkatuaren balioaren azpitik ordaindu zien, gentrifikazio prozesu bati hasiera emateko.

Baina, nola heldu zen lokal horren jabetza Adolfo Dominguezen eskuetara? Idatzi honetan, 2006an Udaleko Hiri Berritze eta Etxebizitza Sailak egindako hainbat bileretako aktetan aurkitutako informazioa plazaratuko dugu.

2006ko ekainean egindako bileraren helburua Adolfo Dominguezi Hedegile kaleko 68, 70 eta 76 zenbakiak esleitzea zen. Izan ere, azken honen asmoa Alde Zaharrean 1.000 metro koadroko jabetza eskuratzea omen zen. Beste 23 komertzio zeuden Alde Zaharreko lokaletan interesatuta, baina Adolfo Dominguezi hiru onenak esleitzeko asmoa zegoen. Bilera horretan, garai batean lokalen doako lagatzearen aukera ere planteatu zela adierazi zen, jarduera komertziala sustatzeko, eta modu honetan Alde Zaharra "birgaitzeko".

"23 komertzio zeuden Alde Zaharreko lokaletan interesatuta, baina Adolfo Dominguezi hiru onenak esleitzeko asmoa zegoen"

Aipatutako hiru lokalak Adolfori esleitzea onartu zen uztaileko bileran. Bertan, PP eta EAJko ordezkariak lokalen balizko prezioen inguruan eztabaidatzen ibili ziren, baina ez zuten zenbatekorik zehaztu. Lokal horiek ematea adostu eta hiru hilabetera, ordea, konturatu ziren lokalak ez zirela Udalaren jabetzakoak, Jaurlaritzarenak baizik. Beraz, aurreko bileran onartutako lokalen esleipena baliogabetu zuten urriko bileran.

Hala eta guztiz ere, azkenean Udalak 79.000 euro ordaindu zizkion Eusko Jaurlaritzari Adolfo Dominguezen eskuetan amaituko zuten lau lokal horiengatik; zein lokal erosi ziren zehaztu gabe. Adolfo Dominguezek berak onartu zuen elkarrizketa batean tratu mesedegarria jaso zuela bere negozioa Alde Zaharrean ezartzeko: "boluntarismo miresgarritzat" jo zuen Udalaren jarrera, eta lokalak "arrazoizko prezio" batean lortu zituela onartu zuen.

Kasu guzti horietan ez da inongo salerosketarik aipatzen, alokairuak baino ez.

"Udalari exijitzen diogu ez dezala auzoa saldu eta auzokideak defenda ditzan"

Beraz, Udalari exijitzen diogu ez dezala auzoa saldu eta auzokideak defenda ditzan, eta ez dezala baliabide publiko gehiagorik jarri espekulatzaileak defendatzeko.

Gainera, honako galderak erantzun ditzan eskatu nahi diogu:

Nola bilakatu zen diru publikoz ordaindutako lokalak merkatariei emateko plan zoragarria, hamarkadaz hutsik eta auzoarekin zerikusirik ez duten multinazionalen eskuetan egongo ziren lokalen bilduma?

Gutxienez Adolfo Dominguezen eskuetan amaitu zuten lau lokal baldin badaude, zergatik ez dago Korre 33ko lokalaren inguruko informaziorik? Non daude lokalaren eskriturak eta salerosketa kontratua?

"Zergatik ez dago Korre 33ko lokalaren inguruko informaziorik? Non daude lokalaren eskriturak eta salerosketa kontratua?"

Derrigorrezkoa izan arren, zergatik ez zen Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean (ALHAO) jakinarazi udal jabetza baten salmenta multinazional bati?

Zenbat lokal izan ote ziren transferituak udal-jabetza izatetik Adolfo Dominguezen jabetza pribatua izatera jakinarazi gabe? Zeren truke? Lokal hauen guztien salerosketa kontraturik ba al dago? Eta, hala bada, zergatik ez ziren ALHAOn argitaratu?

Zeinek hartuko du Hedegile kalean 20 bat lokal huts izateak komertzio txikiei eta auzokideei eragin dien hondamenaren ardura? Plan horren azken helburua lokalak Adolfo Dominguezi ematea ote zen, honek auzoarekin espekulatu zezan?

Bukatzeko, ezin aipatu gabe utzi Gorka Urtaran alkateak onartutako azken neurria: Alde Zaharreko eraikin osoak pisu turistiko bilakatzea ahalbidetuko du Udalak. Orain arte, lehen solairuak eta sarbide independienteak zituzten goi solairuak baino ez zeuden baimenduta etxebizitza turistiko izateko. Beraz, beste behin, "auzoa biziberritzeko" aitzakiarekin, Udalak Gasteizko Alde Zaharraren gentrifikaziorako beste pauso bat eman du.

Auzoa saltzen ari zarete! Gorka, utzi Alde Zaharra bakean!

Talka Espazio Feministako kideek sinatutako iritzi artikulua.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago