8:00ak aldera Talka espazio feminista desalojatzera itzuli da Ertzaintza. Patruila ugari bertaratu dira okupatutako espazioa berriro desalojatzera, eta Hedegile kalea moztu dute, auzokideak ez diren herritarren zein kazetarien sarrera debekatuz.
Kazerola hotsak eta oihuak entzun dira lokalaren inguruan. Azkenik, atea irekitzea lortu du Poliziak, eta barruan zeuden bi kideak atxilotu dituzte, "usurpazio eta desobedientzia" delituekin mehatxu eginez, Talkako kideek adierazi dutenez. "Azkenean, espaziora sartu dira, eta lokalaren barruan atxiki dituzte, indarkeriaz atxilotuta", salatu dute ohar batean.
Azkenik, pasa den astean amaitu gabe geratu zen lokalaren hormatzearekin jarraitu dute Adolfo Dominguez langileek; izan ere, enpresa hori da Hedegile kaleko lokal honen jabe legala.
Bertaratu diren kazetariak ere identifikatu egin ditu Ertzaintzak, eta gertakariak leihotik grabatzen ari ziren bizilagun batzuk ere identifikatu dituzte.
Talkako kideen arabera, gaurko desalojoa "agindu judizialik gabe" egin da berriro ere; hala ere, ALEAk galdetuta, agindua bazegoela ziurtatu du operatiboan parte hartzen ari zen ertzain batek.
Elkarretaratzea
Talkako kideek "auzoa saltzeari uzteko eta bizilagunak defendatzeko" eskatu diote Gasteizko alkate Gorka Urtarani, "espekulatzaileak defendatzeko baliabide publikorik ez jartzeko". Eta, halaber, Adolfo Dominguezen esku zegoen Hedegile kaleko 33. zenbakiko lokala nola amaitu zen argitzeko galdegin diote.
Gaur, 21:00etan, Plaza Berrian elkarretaratzea egingo dutela iragarri dute Talkatik, beti ere segurtasun tarteak errespetatuz, "baina autodefentsa kolektiboari uko egin gabe".