Etxebizitza turistikoak baimenduko dituzte Gasteizko Alde Zaharreko eraikin osoetan

Erredakzioa 2020ko uzt. 14a, 15:46

Orain arte beheko solairuak soilik bilakatu zitezkeen ostatu turistiko. / Alea

"Auzoaren basamortutzeari eta degradazioari aurre egiteko" balioko du, Gorka Urtaranen arabera

"Gasteizko auzo hori biziberritzen lagundu, ondare eraikiaren balioa agerian jarri eta bertako kale eta kantoietan jarduera ekonomikoak sustatzeko asmoz". Hala azaldu ditu Alde Zaharrerako asmoak Gorka Urtaran alkateak. Izan ere, Tokiko Gobernu Batzarrak Arabatur-Arabako Ostatu Turistikoen Elkarteak egindako alegazio bat onestea erabaki du, hiriko zonaldeko honetan jarduera ekonomikoa lehen solairura mugatzeko araua kentzeko.

Joan den otsailean onartu zuten erabilera horiek arautzen dituen Alde Zaharreko Birgaitze Integraturako Plan Bereziaren xedapen-aldaketa. Jendaurrean erakusteko epearen barruan, Arabaturrek eskatu zuen auzoko eraikinetako edozein solairutan baimendu zitezen turismo erabilerarako etxebizitzak zein etxebizitza partikularretako logelak. Arabaturren arabera, auzoari gizarte, merkataritza eta ekonomia bultzada eman behar zaio, "hiriak hartzen duen turismoaren kalitatea, auzoaren turismo eta zerbitzu izaera, eta etxebizitza hutsen kopuru handia kontuan hartuta".

Ana Oregi zinegotziak gidatzen duen sailak proposamena aztertu du eta erabaki du zati batean onestea eskaera, eta etxebizitza turistikoak eraikin osoetan baimentzea. "Administrazioak auzoa babestu, kontserbatu, zaharberritu eta hobetu dadin zaindu behar dugu". Alkatearen arabera, erabilera turistikorako etxebizitzek "auzoaren basamortutzeari eta degradazioari aurre egiteko" balioko dute, "bertan kultura eta enogastronomia eskaintza biltzen baita".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago