Diotenez, euskaltzaleen aktibatzea izan zen 2018ko Euskaraldiaren ekarpenik zindoena. Aurten, berriz, orain bi urteko efektua areagotzea da xedea, hori gerta dadin baldintzak sortzea, eta, horretarako, gizarte sare edo talde antolatuak eratuko dituzte, banakakoen konpromisoa ez ezik taldeena ere lortzeko, euskaltzale bakoitzaren eta taldearen lana norantza bat berean jarriz. Orain bi urte ahobiziak eta belarriprestak izan ziren protagonista, eta, aurten, ariguneak izango dira ardatz. Edo oraindik orain Iñaki Martinez de Lunak esan duenez, "dinamika horretara bilduko diren taldeen kopurua ere oso esanguratsua izango da: ekimenak euskaltzaleengan arrakastatsua izatetik dimentsio unibertsala hartuko balu betiere gure komunitatearen baitan, pauso horrek gizarte aldaketa sakona eragingo luke".
Gasteizi dagokionez, GEU Elkartea dugu Euskaraldiaren kudeatzaile eta Josu Pedruzo da, berriz, koordinatzailea. Bera izan dugu berriemaile. Ahobizi eta belarripresten berri badugunez, ariguneak zertan diren azaltzea hobetsi du, oroz gain: "Hiru eratara ari gara ariguneak ezagutarazten. Batetik, Euskaraldiko auzo batzordeak lanean ari dira Gasteizko auzoetako hainbat entitaterekin. Bestetik, joan den martxoaren 4an egindako agerraldi publikoa dugu. Hirugarrenik, beste hainbat sektore genituzke, erakunde publikoen irismenekoak, gehienbat". Josu Pedruzok alez ale xehetu dizkigu hiruak.
Albiste hau ARGIAk argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea eta informazio osatuagoa hemen duzu ikusgai.