Azaroaren 20an aurkeztu zen Euskaraldiaren bigarren edizioa Donostian, euskaraz "gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan" egitea lelo eta helburu hartuta. Eta datorren urteko azaroaren 20tik abenduaren 4ra arte, 15 egunez, luzatuko da 2020ko Euskaraldia.
Iragan astean, gasteiztarrek atzerako kontaketa martxan jarri zuten. Erakundeetako zein euskalgintzako ordezkariek parte hartu zuten Oihaneder Euskararen Etxean egindako aurkezpen ekitaldian.
Euskaraldia Gasteizek aurkezpenean bildutako protagonisten ahots batzuk bildu ditu bigarren edizio honen gakoak identifikatzeko. Hainbat gai izan dituzte hizpide, besteak beste: auzoak, ariguneak, arlo sozioekonomikoaren garrantzia, erakundeen ekarpena edota euskararen erabilera ikastetxe zein euskaltegietatik kanpo.
Arabako hiriburuaren ikuspegitik, egitasmoaren nondik norakoak azaldu dituzte Josu Pedruzok (Euskaraldia Gasteiz), Rober Gutierrezek (Bai Euskarari), Iñaki Gurtubaik (Gasteizko Euskara zinegotzia), Yolanda Barberok (IKA Gasteiz), Agurne Barrusok (Armentia Ikastola) eta Arazeli Gonzalez de Langarikak (Olarizu auzoko Euskaraldia).