Asteazken honetan, Gasteizko Euskaraldian ariguneak sortzeko abiapuntu izango diren hamazazpi entitateak aurkeztu dira, eta euren baitan sortu daitezkeen ariguneen inguruko azterketa egiteko gonbidapena jaso dute. "Entitateen barruan euskararekiko prozesuak garatzeko balio dezake, eta baita prozesu berriak hasteko ere", adierazi du Gasteizko Euskaraldiko koordinatzaile Josu Pedruzok.
Gasteizko Udala, Orona Electra Vitoria, Artepan, Suministros Uriarte, Habilitas Educacion, Tuvisa, Vital Fundazioa, Hazi Fundazioa, Pez Limbo Creaciones, SETEM Hego Haizea, Talur Elkartea, Emaize sexologia zentroa, Aldarte Elkartea, Arabako Euskal Pilota Elkartea, Mara Mara liburu denda, Eden taberna eta Gaztedi Rugby Taldea dira, momentuz, 2020ko Euskaraldian ariguneak sortzeko konpromisoa hartu duten hamazazpi entitateak.
Baina gaurkoa abiapuntu bat baino ez da izan, eta entitate berriak prozesura batzen joateko aukera zabalik dago: "Gaur aurkeztu diren entitateak erreferente izan daitezke beste entitate batzuk azterketa hau hasteko, eta Euskaraldian parte hartzeko entitate bezala", azaldu du Pedruzok.
Ariguneak aurtengo edizioaren nobedade nagusia izango dira. Definizioz, entitateen barruan euskaraz aritzeko guneak dira; euskaraz hitz egiteko aukera bermatzen dute uneoro entitatearen barruan edo entitateak herritarrekin duen harremanean. Beraz, bi arigune mota egongo dira: barrura begirakoa eta kanpora begirakoa.
Enpresak, elkarteak, kultur zein kirol taldeak eta komertzioak, besteak beste, izango dira ariguneak sortzeko espazioak. Gaur aurkeztutako hamasei entitateek, eta oraindik ere batu daitezkeen berriek ere, ariguneak antolatzeko baldintzak dituzten aztertuko dute datorren astetik aurrera, barne lanketa baten bitartez.
Behin azterketa eginda, euren baitan ariguneak sortzeko baldintzak daudela ondorioztatzen badute, aurtengo Euskaraldian izena emateko aukera izango dute.