Gorbeialdea Babestu Dezagun plataformak 5.500 alegazio herritar aurkeztu ditu Solariak Araban eraiki asmo dituen proiektu fotovoltaikoen aurka. Zuia Bidean taldeko Mati Iturraldek eta Zigoitia Bai-eko Raul Ruiz de Azuak eman dituzte azalpenak, eskualdeko dozenaka herritarren parean, eta pozik agertu dira egindako "lan kolaboratibo izugarriarekin". Ondoren, Eusko Jaurlaritzaren Zuzenean zerbitzuaren bulegoan aurkeztu dituzte alegazioak.
Herritarrek egindako 5.500 alegazioez gain, talde tekniko batek egindako alegazioak ere aurkeztu dituzte. Txosten horretan azaldu dute proiektuek "atzera bueltarik gabeko inpaktua" izango luketela lurraldean, animali eta landareetan, biztanleen osasunean eta bestelakoetan. 250 orrialdeko txostena ondu duten bitartean, "Solariaren proiektua ez da iristen hogei orrialdetara".
Gorbeialdeko herritarrek "mehatxuaren aurrean emandako erantzuna" izan da alegazioak aurkezteko ekintza. Erantzunetako bat, ari baitira beste hainbat ekimen antolatzen proiektu energetiko hauei aurre egiteko. "Gorbeialdetik ez dira pasako" adierazi dute ozen gaurkoan, baina argitu dute trantsizio energetikoaren alde daudela. Baietz diote, baina "demokratikoa, parte hartzailea eta benetan ekosoziala" izango den trantsizioaren alde.
Solariari ohartarazi nahi izan diote "ez duela Gorbeialdea suntsituko", eta erakunde publikoei gogorarazi diete haien betebeharra dela Araba osoko bizitza, natura eta bizimodua babestea, enpresa handien interes ekonomikoen gainetik.