Gaur goizean Gasteiza etorri dira Gorbeialdeko biztanleak, eskualdean eraiki asmo dituzten energia proiektu fotovoltaikoen aurka daudela jakinarazteko. Pablo Basterra abeltzain eta gaztagileak, Mati Iturralde medikuak eta Unai Pascual Zuiako bizilagun eta klima aldaketan adituak hartu dute hitza, eskualdeko ehunka bizilagunen aurrean. Basterrak azaldu du Gorbeialdea batuta dagoela eguzki-plaken makroproiektuen aurka. Urkabustaiz Babestuz, Zuia Bidean eta Zigoitia Bai herri plataformek bat egin dute gaurko prentsaurrekoan, eta baita udaletako alkateek, kuadrillako eta kontzejuetako ordezkariek eta 300 bizilagun baino gehiagok.
Solaria enpresak aurkeztutako Zierbena Solar 2, 3 eta 4 proiektuen aurka azaldu dira. Hiru parke fotovoltaiko hauek 100 hektareatik gora hartuko dituzte bakoitzak, eta Araba hegoaldetik iparraldera gurutzatuko duen goi tentsioko linea bat ere eraiki asmo dute. Prentsaurrekoan azaldu dute batasun handia dagoela eskualdean proiektu hauen aurka. Zigoitia, Zuia eta Urkabustaiz udalerriek, bertako alkateek eta elkarte eta eragile ugarik kezka azaldu dute proiektu energetiko hauek eskualdean izango duten eragina dela eta. Argudio ezberdinak plazaratu dituzte haien iritzia ulertarazteko.
Trantsizio energetikoaren alde, baina ingurunea, lurraldea eta gizartea errespetatuz
Gorbeialdea Babestu Dezagun plataforman batu dira aipatutako eragile guztiak, eta publikoki adierazi dute trantsizio energetikoaren alde daudela, klima aldaketaren aurka borrokatzeko. Baina ohartarazi dute ezin dela trantsizioa egin eskualdeko gizartearen eta ingurumenaren bideragarritasunaren kontura. Prozesuak ezberdina izan behar lukeela aldarrikatu dute, "jasangarritasun sozio-ekologikoa modu integral eta bidezkoan bultzatuko duena".
Balio estrategiko handia duten nekazal-lurrak babestu beharra aldarrikatu dute, eta adierazi lehenetsi beharko liratekeela inpaktu txikia izango duten lekuak eta oso antropizatutako eremuak. Eredu deszentralizatua eskatu dute, erabaki eremua eta ekoizpena kontsumo puntuetatik gertu izango duena, "oso tentsio altuko lineak eraikitzea saihesteko". Salatu dute ingurumen inpaktu handiak dituztela halako lineek, eta energia galera handiak izaten direla energia garraiatzean. "Energia ez da berdea teknologia motagatik, lurraldearen iraunkortasuna bermatzen duelako baizik".
Trantsizioa interes ekonomiko pribatuen mesedetan
Salatu dute trantsizio energetikoak interes publiko eta kolektiboei erantzun behar diela, eta salatu dute interes ekonomiko pribatuen arabera ari dela egiten. "Ez dirudi logikoa ez eraginkorra" berriztagarrien diseinua eta ezarpena interes pribatuen esku uztea, ohartarazi dutenez. Solaria multinazionalari leporatu diote etekin ekonomikoak soilik nahi izatea, eta "kostu erreal guztiak gizarteak hartu beharko dituela bere gain, bai gaur egun, bai etorkizunean ere".
Gorbeialdea altxor naturala dela aldarrikatu dute, eta exijitu edozein proiektuk errespetatu behar dituela natura ingurunearen balio ekologiko eta kulturala. Bestela ondasun publikoa galtzea ekarriko lukeela jakinarazi dute, "Araba eta Euskal Herriarentzako galera".
Herri alegazioak aurkeztuko dituzte
Solariak bere proiektuentzako aurre-baimen administratiboa eskatu zuenetik antolatzen aritu dira Gorbeialdeko herritarrak, eta alegazio ugari sortu dituzte, "errefusatu dituzten proiektuak geldiarazteko". Jakinarazi dutenez, uztailaren 8an erregistratuko dituzte ofizialki herri alegazioak, eta ekitaldi publikoa egingo dute haien kontrakotasuna adierazteko.