Solaria multinazionak goi-tentsioko linea polemikoari lotutako beste parke fotovoltaiko bat kokatu nahi du Araban, kasu honetan Argantzonen. Santurce Solar 1 izeneko parkeak 50 megawatteko potentzia izango du, eta 100 kilometroko autobide elektrikoarekin lotuko da. Proiektuak, Zierbenako hirurek bezala, Bizkaian isuriko du energia. Oraingoan, beste azpiestazio batean egingo da: Ava azpiestazioan, Santurtziko udalerrian. Bertara iristeko, instalazio horren energiak Erriberabeiti eta Zierbena lotuko dituen 100 kilometrotik gorako goi-tentsioko linea polemikoa erabili beharko du.
Ekainaren 21ean, ALHAOn argitaratu zuten Argantzon inguruan poligono fotovoltaiko berri horretako baimen eskaera, eta UAGA sindikatuak jakin ahal izan duenez, "berriz ere, proiektuan interesik ez duten nekazarien lursailak sartu dituzte"; eta beste behin, "balio agronomiko handiko azalera okupatu nahi dute Arabako gizartearen aldarrikapenei inolako jaramonik egin gabe". UAGAk proiektuaren aurkako alegazioak aurkeztuko ditu, eta kaltetuei eurenak aurkezten lagunduko die.
Elkarretaratzea, astelehenean
Hain zuzen, Urkabustaiz Babestu, Zuia Bidean eta Zigoitia Bai elkarteak biltzen dituen Gorbeialdea Defendatu koordinakundeak elkarretaratze bat egingo du, Gasteizko Juan de Ayala plazan, uztailaren 8an, 11:30ean. Ondoren, Solariako Zierbana 2, 3 eta 4 makroproiektuen aurkako herritarren alegazioak erregistratuko dituzte, administrazio batzar guztietan jasotakoak.