Goizean piztu da sutea Goiain industrialdean kokatuta dagoen Reydesa enpresan. Metal ferrikoak eta ez ferrikoak birziklatzen ditu OTUA taldeko enpresak, eta 70.000 metro koadroko espazioa okupatzen du Legutio ondoan dagoen industrialdean.
Arabako eta Gasteizko parkeetako suhiltzaileak bertan dira lanean. Oraingoz, ez dago argi zerk eragin duen sua, baina ke lainoa ondo ikusten da inguru horretatik, sare sozialetan zabaldu diren irudien arabera. Ke beltzaren ondorioz, inguruko herritarrei leihoak ixtea gomendatu die Legutioko Udalak, eta "prebentzio modura konfinatzea".
Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak, bere aldetik, esan du gertutik jarraitzen ari dela birziklatze plantan piztutako sutea, Legutioko alkatearekin eta foru suhiltzaileekin etengabeko harremanean. "Sutea kontrolpean dago, baina errekuntzak hainbat orduz jarraituko du".