Legutioko bizilagunek, bereziki Urrunagan eta Goiainen bizi eta lan egiten dutenek, egoera "bidegabea eta jasanezina" pairatzen dutela salatu du Juan Kruz Jainaga alkateak (EH Bildu), Arabako Batzar Nagusietan aste honetan egindako agerraldian. Bertan, "erantzukizunez jokatzea premiazkoa" dela azpimarratu du alkateak, "konponbide eraginkor eta arinak" bilatzeko.
Izan ere, metalen birziklatzean eta birziklatze industrialean espezializatutako OTUA Taldea kutsadura eta zarata arazoak eragiten ari da udalerri osoan, eta azken urteetan bizilagunen kexak areagotu dira konponbide faltaren aurrean. 1974an jaio zen enpresa taldea, eta Goiango industrialdean dago kokatuta, Legutio udalerriaren barruan.
Legutioko Udala prest agertu da "edozein lekutan biltzeko, beharrezkoak eta arrazoizkoak diren neurri guztiak" abian jartzeko. Era berean, erakunde guztiei inplikatzea eskatu die "ingurumen neurriak betetzen direla zaintzeko". OTUA enpresak berak, Eusko Jaurlaritzak, Urrunaga eta Goiaingo kontzejuek, Legutioko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak eskumen ezberdinak dituzte arazoari aurre egin ahal izateko.
Jainagak azaldu duenez, Udalak hainbat neurri hartu ditu jada: "Arau subsidiarioen aldaketa puntuala, udalerrian kutsadura handia eragiten duten jarduera gehiago ezartzea mugatzeko; Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) berrikustea, akustikari dagokionez eremu lasaiak sortzeko, kutsadura akustikoa saihesteko eta birziklatze-planten kapsulatzea ahalbidetzeko; kalitate akustikoaren indizeak ebaluatzeko kanpainak abian jartzea; eta ingurumen-baimen integratuak berrikusteko txostenak, zarata emisioan muga murriztaileagoak sartzeko", zehaztu du.
Kapsulatzea
Legutiok 2.017 biztanle eta 180 industria jarduera ditu gaur egun. Alkateak ohartarazi duenez, EAEn dauden kutsadura handiko 285 jardueretatik hamaika Legution finkatuta daude: "Eta jasotako kexa guztiak OTUA Taldearen jarduerak sortutakoak dira", salatu du. Aurreikuspenen arabera, enpresa taldeak zortzi eta bederatzi milioi euro artean inbertitu beharko lituzke Goiaingo hamaika birziklatze-plantak osorik edo partzialki kapsulatzeko.