Zarata eta hauts artetik, protesta

Anakoz Amenabar 2023ko urt. 26a, 06:06

Kutsadura salatzeko, hainbat ekintza eta elkarretaratze egin dituzte. / Herriak Bizirik

Legutioko udalerriari, eta, zehazki, Urrunaga eta Goiaingo bizilagunei eragiten dien kutsadura arazoa salatzeko, larunbatean elkarretaratzea egingo dute Gasteizen.

Salaketak jartzeaz "gogaituta", salaketa handiago bat egin nahi dute larunbatean Urrunaga eta Goiaingo bizilagunek. Alboan duten industrialdeak eragindako kutsadura "jasanezina" dela aitortu dute, eta Lakuako ertzain etxe parera eramango dute protesta; 11:00etan elkarretaratzea deitu dute bertan. "Hainbat herritar etorri izan gara salaketak jartzera, eta oraingoan batera etortzea erabaki dugu. Kokoteraino gaude", azaldu du Maika Campo Urrunagako herritarrak Herriak Bizirik plataformaren izenean.

Aspaldikoa da arazoa, baina 2020an aldaketa sumatu zuten herritarrek. Goiaingo industrialdeko OTUA taldeko lantegien lana areagotu egin zen, eta, ondorioz, zarata eta aire kutsadura ere nabarmenago egin ziren. Arnasa hartzeko arazoak eta zikinkeria ugaritu egin dira geroztik. "Hego-haizeak jotzen duenean, gainera, gehiago nabaritzen dugu. Abendua, adibidez, jasangaitza izan da. Oso usain txarra, usain metalikoa batzuetan, amoniako usaina besteetan, eta ikaragarrizko zarata, etxepean lanean arituko balira bezala". Birziklapen lanak egiten dituzte OTUA taldeko lantegietan, aire zabalean, eta kutsadura akustiko eta atmosferikoa nabarmena dela salatu dute herritarrek behin baino gehiagotan. "Industria gunean badaude kutsatzen duten beste enpresa batzuk, baimen berezia dutenak, baina hau da kaltegarriena. Eta ikusten dugu babes handia duela". Lau lagunek jarri dute salaketa abenduan izandako kutsaduragatik. "Eta gehiago jarri ez baditugu lanean gaudelako izan da. Guretzat ere nekagarria da atzetik ibili behar izatea".

Hainbat protestaren ostean, afera bideratzeko asmoz, mahaia osatu zuten plataformako kideek, Otuak eta Jaurlaritzak joan den azaroan, eta astebete beranduago plataformak Eusko Legebiltzarrera eraman zuen arazoa. "Erakundeen konpromisoa" eskatu zuten orduan. "Landa inguruetan ere merezi dugu bizitza duin bat", salatu zuen plataformako kide Alba Casasolak. "Herri txikiek ez dute merezi legea gutxiago errespetatzea edo gutxiago betetzea. Eta egungo legeek ez gaituzte babesten industria prozesu kaltegarrietatik".

Neurriak

Azaroan izandako bilera hartan lantegiek "kalteak" eragiten dituztela onartu zuten, eta zenbait neurri hartzeko prest agertu. Batetik, zarataren neurketa jarraituak egitea proposatu zuten, eta hala egitea erabaki zuten, abendu amaierarako. "Parametro guztiak betetzen dituztela esaten jarraitzen dute. Eta ez da egia. Neurketa jarraia egingo zutela hitzeman zuten, baina momentuz ez dute ezer egin", azaldu du Campok.

Bestetik, enpresari Ingurumen Baimen Bateratua berritu ahal izateko zenbait baldintza jarri zizkion Jaurlaritzak udazkenean. "Baimen hori berriztu ahal izateko birziklatzeko lantegiei itxitura jartzea eskatu zioten enpresari, eta enpresak errekurtsoa aurkeztu zuen", gogoratu du. "Ez dakigu itxitura horrek arazoa konponduko duen, ez gara teknikariak, baina aurrerapauso bat izan daitekeela uste dugu". Legutiok dituen arau subsidiarioek, aldiz, itxitura jarri ahal izateko aukerarik ez dutela uzten dio enpresak. "Bakoitzak ahal duen aitzakia bilatzen du, baina honek bere horretan jarraitzen du, ez atzera ez aurrera. Konponbiderik gabe eta, gainera, informaziorik gabe, erabat baztertu gaituztelako".

Egoera honen aurrean, protesta beste aukerarik ez dutela nabarmendu du Campok. "Badakigu enpresa haserre dagoela gurekin jarritako pankarta eta egindako salaketengatik, baina zer egin behar dugu? Beste bi urte zain egon behar dugu ea konpontzen den? Gure osasuna erabat kaltetu arte?".

Bien bitartean, Legutio udalerriko Urrunaga eta Goiaingo herritarrek ehun metro eskasera duten industrialdeko kutsadurarekin bizi behar dute. "Lantegi hauen parean dauden etxeetan une honetan ez da egunerokoan inor bizi, baina ezinezkoa litzateke. Nire gurasoen etxea zertxobait urrutiago dago, eta azken hilabeteetan ezin zen jasan inguruko kiratsa eta zarata". Alboko soro eta baratzeetan ere nabari da hauts marroixka. "Belarra ez da berdea, marroia da. Dena dago zikin, leihoak, kotxeak...". 

Hilaren 28ko elkarretaratzea izango du hurrengo hitzordua Herriak Bizirik plataformak, Ertzaintzaren komisaria aurrean, baina ez dute baztertzen aurrerago beste "ekintza" batzuk antolatu behar izatea. "Abokatuekin hitz egin behar dugu hurrengo pausoa zein izan daitekeen erabakitzeko. Beharbada orain arteko bidea aldatu eta pertsona jakinengana jo behar dugu erantzun eske. Ez dakigu. Argi duguna da zerbait egingo dugula, horrela ez dago bizitzerik". 

Goiaingo industrialdean ditu lantegiak OTUA taldeak. / Alea

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago