Desjabetuon Hotelaren desalojoan atxilotutako bi gazte epaituko dituzte

Erredakzioa 2023ko abu. 28a, 17:30

Desjabetuon Hotelaren desalojoa, 2022ko ekainean. Argazkia: @Desjabetuon

Legutioko Zentro Sozialistaren hustearekin lotutako lehen epaiketa irailaren 1ean izango da. Fiskaltzak 13 hilabeteko espetxe zigorra eta guztira 3.600 euroko isunak eskatu ditu auzipetutako bi gazteentzat.

Duela ia bi hamarkada eraiki zuten Legutioko Hotela, baina urte luzez hutsik egon zen. Horren aurrean, 2019an, gazte talde batek eraikina okupatu eta Desjabetuon Hotela sortu zuen, "prozesu sozialista indartzeko oinarrizko azpiegitura" izango zela iragarriz.

Legutioko Zentro Sozialista "arrisku egoeran" izan zen hasieratik, baina, hainbat urteko prozesuaren ostean, desalojoa 2022ko ekainaren 28an gauzatu zuen Ertzaintzak. Dozenaka gazte bildu ziren espazioa defendatzeko, eta Ertzaintzak 18 eta 21 urteko bi gazte atxilotu zituen. Horrez gain, polizia autonomikoak hainbat zauritu eragin zituen; Segurtasun Sailaren arabera, protestetan gutxienez bost ertzain zauritu zituzten ere.

Urtebete baino gehiago igaro da ordutik, eta, aste honetan, atxilotutako bi gazteen aurkako zigor eskaerak jakitera eman dituzte Mugimendu Sozialistaren parte diren Desjabetuon Hotelak eta Langile Kontrolpeko Espazioen Defentsa Komunitateak: Fiskaltzak 13 hilabeteko espetxe zigorra eskatu du gazte bakoitzarentzat, isunetan guztira 3.600 euro ordaintzearekin batera.

Ostiralean, elkarretaratzea

Bi gazte daude auzipetuta, baina epaiketa ezberdinetan epaituko dituzte. Lehenengoa ostiral honetan izango da, irailaren 1ean, Gasteizko epaitegietan. "Langile kontrolpeko espazioen defentsaren aurkako erasoa" salatu eta auzipetuei elkartasuna adierazteko elkarretaratzea deitu du Mugimendu Sozialistak, 10:30ean.

"Honako hau jardun politiko independentea aurrera eramateko oinarrizkoak diren espazio orok bizi duen egoeraren beste adierazle bat baino ez da, geroz eta zailagoa baita espazioak eskuratu, normaltasunez erabili eta defendatu ahal izatea", salatu dute. "Horren adibide dira Langile Kontrolpeko Espazioek etengabe jasan behar dituzten desalojoak, identifikazioak, prozesu judizialak, isun itogarriak zein beste hainbat eraso".

"Ofentsiba honi erantzutea inoiz baino beharrezkoagoa da, elkar defendatzeko konpromisoa oinarri izanda, errepresioari kolektiboki aurre egin eta espazioen defentsa ahalik eta modu eraginkorrenean antolatzeko baliabideak egituratzen jarraituz", aldarrikatu dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago