Hilabete baino gehiago igaro da Desjabetuon Hotela proiektua aurkeztu zutenetik, duela hamabost urte eraiki baina ordutik hutsik egondako Legutioko Hotela "birjabetu" ostean.
Ordutik, Desjabetuon Hotela "alternatiba eta aterabide errealak eraikitzeko beharrezkoa den espazioa" izan dela aldarrikatu dute. "Gazte zein nagusiagoen sozializazio eta borroka espazio" bilakatu dela ere defendatu dute, Imaginate enpresako langileen kasua gogora ekarriz. Gainera, hitzaldiak eta tailerrak ere antolatu dituztela azaldu dute.
Halaber, desalojoaren mehatxua Legutioko Hotela "15 urte hutsik mantendu ondoren" datorrela salatu dute: "Intentzio bakarra gu bertatik bota eta berriro hutsik uztea da".
Desjabetuon Hotelak zabaldutako oharrean, proiektua eraikitzen jarraituko dutela azaldu dute, "interes indibidualen aurrean desjabetuon elkartasun kolektiboa" defendatuz. Zentzu horretan, "Legutio, Araba zein Euskal Herrian prozesu sozialista elikatzen jarraitzeko", Erraki gune autogestionatuen babes sarearen beharra azpimarratu dute.