Legutioko Desjabetuon Hotela desalojatu du Ertzaintzak

Erredakzioa 2022ko eka. 28a, 18:45

Dozenaka gazte bildu dira Desjabetuon Hotela defendatzeko. / Argazkiak: GEDAR.eus

Astearte honetako 09:00etan iritsi da Ertzaintza Legutioko Desjabetuon Hotela Zentro Sozialistaren desalojoa gauzatzera. Kargetan, Ertzaintzak bi gazte atxilotu eta hainbat zauritu eragin ditu. Dozenaka gazte bildu dira espazioa defendatzeko.

"Espazioen gaineko kontrola ezinbestekoa da lan politikoa egiteko; horregatik, Zentro Sozialistak defendatzeko deia egiten dugu", ohartarazi zuen Desjabetuon Hoteleko asanbladak, desalojo aginduaren berri eman zuenean. Gaur, astearteko 09:00ak aldera, Ertzaintzaren Brigada Mugikorra iritsi da Legutiora, iragarritako desalojoa gauzatzera, epailearen aginduz. Igandetik dozenaka gazte bildu dira desalojoari aurre egin eta espazioa babesteko.

Gazteek bloke bat osatu dute hotelaren parean, besoetatik helduta. 10:00ak aldera, Ertzaintzak okupatutako espazioa inguratzeko dispositiboa ezarri du, hotelaren bi aldeak itxiz. Ertzainak oinez hurbiltzen hasi dira, eta gazteak aurrez aurre jarri dira. 10:45ak aldera, hotelera sartzen saiatu da Ertzaintza, hainbat sarrailagileren laguntzarekin. Handik gutxira, eraikinaren legezko jabeak iritsi dira.

11:15ak aldera, Ertzaintza hotelaren aurrean kokatu da, eraikina inguratuz. Gazteen blokea parean jarri da, aurrez aurre baina polizia-lerroaren atzean. Une batean, poliziaren eta gazteen arteko tentsioak gora egin du, eta Ertzaintzak kargatu du, hogei bat gazte zaurituz; GEDAR.eus hedabidearen arabera, gazte bat traumatismo kraneoentzefalikoarekin artatu behar izan dute.

Horrez gain, Segurtasun Sailak baieztatu du 18 eta 21 urteko bi gazte atxilotu dituztela, desordena publikoak eta erresistentzia larria egotzita; ertzain-etxera eraman dituzte, beharrezko polizia-eginbideak abiatzeko. Halaber, gutxienez bost ertzain zauritu direla jakinarazi dute.

Azkenik, Ertzaintzak okupatutako eraikina hustea lortu du. Desjabetuon Hotelak elkarretaratzea deitu du 17:00etarako Legutioko plazan, desalojoa salatzeko eta atxilotuen askatasuna eskatzeko.

Desalojoa salatzeko eta atxilotuen askatasuna eskatzeko elkarretaratzea.
Argazkia: @Desjabetuon

 

Desalojoaren irudiak

Goizeko lehen ordutik, desalojoaren jarraipen berezia egiten ari da GEDAR.eus Mugimendu Sozialistaren hedabidea:

Hiru urteko ibilbidea

2019an, hamabost urte lehenago eraiki eta orduz geroztik hutsik izandako Legutioko Hotela okupatu eta Desjabetuon Hotela sortu zuen Legutioko Mugimendu Sozialistak.

Azken bi urte eta erdian, herriko gazteen zein Mugimendu Sozialistaren dinamika kultural, sozial eta politikoak garatzeko Zentro Sozialista izan da, "diru iturri publiko zein pribatuen faltan"; besteak beste, ikasteko gela bat eta janaria lortzeko zailtasunak dituzten familientzako elikagaien banku bat jarri dituzte martxan. Halaber, Euskal Herri mailako Erraki Langile Kontrolpeko Espazioen Babes Sarearen parte izan da ere.

Ia hasieratik, okupatutako espazioa desalojo arriskuan izan da. Hala ere, joan den ostiralean beren sare sozialetan jakinarazi zutenez, astearte honetan, ekainaren 28an, Desjabetuon Hotela utzarazteko agindua gauzatuko dute.

Horren aurrean, igandetik asteartera bitarteko egitaraua antolatu dute, espazioa defendatzeko asmoz: igandean, ekimena, ekitaldia, afaria eta Irati eta Eiderren kontzertu akustikoa egin zituzten; astelehenean, berriz, gosaria, hitzaldia, bazkaria, Ondarru Crew eta Bake Faltsua taldeen kontzertuak eta afaria.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago