Ohar baten bidez jakinarazi dute Legutioko Hotela bezala ezaguna den eraikina "birjabetu" dutela. Hilabeteetan zehar prestatu dute okupazioa, eskualdeko zein Araba osoko gazteekin batera eta harreman berriak sortzeko espazio gisa aurkeztu dute. Haien hitzetan, "gizarte kapitalistaren baitan ematen diren kontsumo harreman indibidualistak deuseztatzea" dute helburu.
"Bete betean harrapatu zuen miseria zabaldu zuen burbuilaren eztandak", azaldu dute 2008ko krisialdi ekonomikoari erreferentzia eginez. Okupazioan parte hartu duten gazte asko hotela hutsik ikusten hazi direla azaldu dute oharrean.
"Hilik, bizigabe eta proiektu barik, amaitu zuten egunean bezain hotz" jarraitzen duela salatu dute eta "bizia" eman nahi diotela aldarrikatu dute herriko gazte sektore antolatuen izenean.
Legutioko gazte mugimenduak, gaztetxeak eta Mugimendu Sozialistak aurrera eraman dituzten dinamika kultural, sozial eta politiko guztien "erdigunea" izango dela ziurtatu dute, autogestioan eta auzolanean oinarrituta.
Gainera, Desjabetuon Hotelak ikusmolde nazionala izango duela iragarri dute, Euskal Herrian garatzen ari den mugimendu politiko sozialistaren testuinguruan: "Prozesu sozialista indartzeko oinarrizko azpiegitura izango da".