Arabako Lurralde Historikoko Aldizkari Ofizialak (ALHAO) astelehen honetan argitaratu ditu Arkamu mendilerroan (Erriberagoitia), Iturrietako mendietan eta Labrazan (Oion) Aixeindar sozietateak instalatuko dituen parke eolikoen aurretiazko administrazio-baimenaren eta ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren eskaerak.
Iberdrolak eta Eusko Jaurlaritzako Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) osatutako Aixeindarrek lau parke eolikoen instalazioa aurreikusi du Araban: izapideak hasi dituzten hiru konplexu eoliko horiez gain, beste bat jarriko dute Azazetan.
Horrela, jendaurrean jartzeko hilabeteko epea ireki da alegazioak aurkezteko.
Hiru proiektuen ezaugarriak
ALHAOn argitaratutako informazioak xehetasun gehiago eman ditu aipatutako hiru proiektu horien inguruan:
- Arkamo Parke Eolikoa Erriberagoitian eraikiko da. 95 MW-ko potentzia eta 19 aerosorgailu izango ditu; horrekin batera, azpiestazio eraldatzaile bat jarriko dute bertan, eta goi-tentsioko aireko linea bat Arkamutik Larrazubiraino (Lantaron). Parke eolikoaren eta haren ebakuazio-azpiegituraren aurrekontu zenbatetsia 70.560.055,43 eurokoa izango da.
- Iturrietako Mendien Parke Eolikoak Arraia-Maeztu, Agurain, Iruraiz-Gauna eta Entziako Partzuergoko lurrak hartuko ditu. 75 MW-ko potentzia eta 15 aerosorgailu izango ditu; horrekin batera, azpiestazio eraldatzaile bat jarriko dute Donemiliagan eta goi-tentsioko aireko linea bat Donemiliagatik Elgearaino. Aurreikusitako aurrekontua 54.460.390,63 eurokoa da.
- Labraza Parke Eolikoa bi autonomia erkidegoren artean eraikiko da, Oion (Araba) eta Nafarroako Aguilar Kodes (Nafarroa) udalerrien lurretan. 40 MW-ko potentzia eta zortzi aerosorgailu izango ditu; gainera Kodeseko azpiestazio eraldatzailea zabalduko da. Aurreikusitako aurrekontua 30.838.937,49 eurokoa da.