Arabako Mendiak Aske plataformak izapidetzen hasi diren Arkamu, Iturrieta eta Labrazako proiektu eolikoak bertan behera uzteko alegazioak jasotzen jarraitzen du, eta 3.000 lortu ditu jada. Besteak beste, zentral eoliko horien "eragin konponezina" argudiatzen da alegazioetan, eta proiektuak "berehala eta erabat" geldiaraztea eskatzen dute.
Lana errazteko, idazki horiek entregatzeko hainbat puntu bildu dituzte mapa batean. Mapaz gain, manifestua, alegazioak egiteko dokumentazioa eta proiektuaren inguruko informazio zabala topa daiteke plataformaren webgune berrian: arabakomendiakaske.mozello.com. Gogoratu dutenez, maiatzaren 3ra arte jasoko dituzte alegazioak.
Gainera, bi mobilizazio deitu dituzte hurrengo hilabeteetarako: apirilaren 24an, 12:30ean, Maeztun; eta maiatzaren 22an, 12:30ean, Agurainen.
Arabako mendizaleak proiektuen aurka
Horrez gain, Arabako Mendizale Federazioak komunikatu bat plazaratu du egunotan: "Egungo eredu energetikoaren aldaketa babesten dugu, jasangarriagoa izan dadin eta ingurumena errespeta dezan, baina trantsizio energetikorako bide horretan, denak ez du balio", kritikatu dute.
Gogorarazi dutenez, proiektatutako zentral eolikoetako batzuk "ingurumen kalitate handiko" mendilerroetan daude; izan ere, Arkamu mendilerroa eta Iturrietako Mendiak Kontserbazio Bereziko Eremuan (KBE) eta Europako Natura 2000 sare ekologikoaren barruan daude.
"Zer zentzu du energia berriztagarrien alde egiteak ekosistemak suntsituz?", galdetu dute. "Proiektu honen aurka gaude, eta lan-mahai bat sortzea eskatzen dugu".
Hiru proiektuen ezaugarriak
Hiru proiektu dira, oraingoz, Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean argitaratu direnak –Arkamu, Labraza eta Iturrieta–, eta proiektu bakoitzeko alegazio bat egin behar da. Beraz, hiru dokumentu bete behar dira. Azazetako zentral eolikoaren proiektua ez da publiko egin oraindik.
Honako hauek dira hiru proiektu horien ezaugarriak, ALHAOn argitaratutako informazioen arabera:
- Arkamo Parke Eolikoa Erriberagoitian eraikiko da. 95 MW-ko potentzia eta 19 aerosorgailu izango ditu; horrekin batera, azpiestazio eraldatzaile bat jarriko dute bertan, eta goi-tentsioko aireko linea bat Arkamutik Larrazubiraino (Lantaron). Parke eolikoaren eta haren ebakuazio-azpiegituraren aurrekontu zenbatetsia 70.560.055,43 eurokoa izango da.
- Iturrietako Mendien Parke Eolikoak Arraia-Maeztu, Agurain, Iruraiz-Gauna eta Entziako Partzuergoko lurrak hartuko ditu. 75 MW-ko potentzia eta 15 aerosorgailu izango ditu; horrekin batera, azpiestazio eraldatzaile bat jarriko dute Donemiliagan eta goi-tentsioko aireko linea bat Donemiliagatik Elgearaino. Aurreikusitako aurrekontua 54.460.390,63 eurokoa da.
- Labraza Parke Eolikoa bi autonomia erkidegoren artean eraikiko da, Oion (Araba) eta Nafarroako Aguilar Kodes (Nafarroa) udalerrien lurretan. 40 MW-ko potentzia eta zortzi aerosorgailu izango ditu; gainera Kodeseko azpiestazio eraldatzailea zabalduko da. Aurreikusitako aurrekontua 30.838.937,49 eurokoa da.