Armentia-2 putzuan gasa ustiatzea erabat baztertu du Eusko Jaurlaritzak

Erredakzioa 2021ko api. 10a, 14:37

Armentia-2ko gas ustiapenaren aurkako mobilizazioa. / BERRIZTU

Eusko Jaurlaritzak Subilla Gasteizko Armentia-2 putzuan gasa ustiatzeari uko egin diola iragarri du ohar batean. Klima Aldaketaren aurkako Legearen zirriborroa onartu ostean, ustiatzeko aukerarik gabe gasa esploratzeak "zentzurik ez" duela ondorioztatu du.

Larunbat eguerdian zabaldutako ohar labur batean, Eusko Jaurlaritzak iragarri du gobernua sostengatzen duten bi alderdi politikoek, EAJk eta PSOEk, erabaki dutela Subilla Gasteizko Armentia-2 putzuan gasa ustiatzeari eta esploratzeari uko egin diotela.

Espainiako Kongresuko Batzordean Klima Aldaketaren aurkako Legearen zirriborroa onartzeak eragin du erabakia.

Gainera, azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak bere egin dituela COP-21en hartutako konpromiso guztiak, eta 2019ko uztailean Larrialdi Klimatikoa deklaratu zela.

Horregatik, Subilla Gasteizko Armentia-2 putzuan gasa ustiatzea "erabat baztertuta" geratu dela eta, beraz, ustiatzeko aukerarik gabe gasa esploratzeak "ez duela zentzurik" ondorioztatu du.

Orain, Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) izapide hori geldiarazteko modua aztertuko du, "erabaki horrek EEEren mendeko SHESA sozietate publikoari dagozkion ondare eskubideak galtzea ekarri gabe".

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak ondorioztatu du "lege-testu berria onartuta, ez dagoela Euskadiko gas-ustiapenari buruzko eztabaidarik", eta gogorarazi du energia berriztagarriko instalazioen exekuzioa "premiaz bizkortu" behar dela.

Zentzu horretan, parke eoliko berriak instalatzeko proiektua nabarmendu du, beste batzuen artean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago